Trebatu elkarteak laborantxan abiatu nahi duten proiektu-eramaileak xekatzen ditu, hiru urteko entsegu programa baten bidez.
Duela hamar urte sortu zen Trebatu elkartea laborantxan plantatu nahi dutenei ofizioa egiazko baldintzetan entseatzeko parada eskaintzeko. Daniel Barberrarena bulegoko kideak Irulegiko Irratian azaldu duenez, ordutik 23 jende trebatu dira, eta horietatik 16 Euskal Herrian plantatu dira laborari gisa. Gaur egun hiru laborarigai trebatzen ari dira, eta buruilean Irulegiko trebagunea berriz libro izanen da.
Laborantxa entseatzeko parada
Trebatuk hiru urteko kontratua proposatzen die laborari izan nahi dutenei. Denbora horretan beren proiektua garatzen dute, arrisku ekonomikoa mugatuz eta elkartearen laguntza tekniko eta administratiboarekin.
Bi sistema eskaintzen ditu elkarteak: Irulegiko trebatze gune iraunkorra edo laborantxa uztekotan diren laborarien etxaldeetan egiten diren entseguak.
Irulegiko etxaldea ardi edo ahuntz hazkuntzarako prestatua da. Hamar hektarea eta erdi inguruko lurra, jezteko instalazioak eta gasnategia ditu. Helburua laborari izan nahi duenak eguneroko lana ezagutzea eta bere proiektua entseatzea da.
Laborari berrien beharra
Familiako transmisioa geroz eta gutxiago egiten dela ohartarazi du Trebatuko ordezkariak. Horregatik, erretreta hartzekotan diren laborariei dei egiten die beren etxaldeak Trebaturen esku uzteko, gazteer entseatzeko parada emateko.
Interesatuek Trebaturen bidez ukaiten ahal dituzte Irulegiko trebatze guneari eta laguntza programari buruzko xehetasun guziak.