Ortzaizeko Herriko Etxeak Lak’Arte hitzordua antolatzen du aurten ere, laugarren aldikotz. Uztailaren 18an iraganen da, udako arrats eta gaualdi goxo baten kari.
Herriko eta inguruko artistak ezagutaraztea du xede, eta, aldi berean, herritarrak eta bisitariak biltzea. 18:00etarik goiti, ezker paretaren ondoko parkean, arbolen gerizan, dozena bat artistaren lanak ikusten ahalko dira. Margolanak, argazkiak, ilustrazioak, eskulturak eta marrazkiak izanen dira, besteak beste. Jateko eta edateko ere izanen da leku berean, giro atseginean arratsa luzatzeko.
Ilunabarrean, berriz, pilota plaza berrian segituko du hitzorduak. Aire zabaleko zinema eskainiko dute, usaian bezala. Aurten, Akelarre filma hautatu dute. Pablo Agüerok 2020an zuzendu zuen lana da, Inkisizio garaiko sorgin-ehizaren ingurukoa.
Bestalde, uztailaren 21ean ere beste hitzordu bat izanen da Ortzaizen. Herriko hiru eskolek antolaturik, gaueko merkatua iraganen da 18:00etarik goiti.