Joan den astean, Eskola Ikuskaritzak jakinarazi die Larzabaleko eskola elebidunari euskarazko postu erdi bat kendu nahi diola.
Erabaki horrek arrangura handia piztu du burasoen eta herritarren artean, neurri horrek irakaskuntzaren baldintzak biziki okertuko lituzkeelako.
Postu erdi hori kentzen bada, heldu den sartzean erakasle bakar batek zortzi maila izanen lituzke bere gain. Horrek zailduko luke bai irakaslearen lana bai ikasleen ikaskuntza baldintzak.
Egoera horren aitzinean, burasoak mobilizatzen hasi dira. Joan den ostiralean lehen elgarretaratzea antolatu zuten eskolaren aitzinean. Aldi berean, petizio bat ere martxan jarri dute eta hitzordu bat galdegin diote Akademia Ikuskaritzari, egoerari konponbide bat atxeman nahian.
Elgarretaratzean hainbat herritar bildu ziren, burasoekin batera. Han izan ziren ere departamenduko eta Eskualdeko kontseilariak, sostengua erakustera etorriak.