Larzabaleko Ezpeleteniak lau urte beteko ditu, eta horren ospatzeko besta antolatua da aste hondar huntan. Ostiralean, kontzertu gaua izanen da Physis Versus Nomos eta Pelax taldeekin. Larunbatean, berriz, antzerkia izanen da Maryse Urrutyrekin.
Erran behar da Ezpeletenia ez dela bakarrik ostatu-jatetxe bat. Duela lau urte Maialenek eta Jeremik gidaritza hartu zutenetik, Ezpeletenia egiazko kultur gune bilakatu da.
Urtean zehar, Baipeletenia eta B.I.K. elkarteekin batera, bi sasoin kultural antolatzen dituzte. Gainera, jazko urtea bereziki aberatsa izan da, hainbat euskal artista pasatu baitira bertatik: Eneko Bidegain, Ekaitz Bergaretxe, Bilau, Madame Birrots, Jurgi Ekiza, Zezenaren taldea, Ruper Ordorika, Xak, Asisko Urmeneta, Plazararen mintzaldia, Natacha Cetcuti, bertso-afariak, erakusketak eta beste hainbat hitzordu.
Urtebetetze besta urtarrilaren 23an eta 24an izanen da
Ostiral arratsean, kontzertu gaua proposatua da Physis Versus Nomos eta Pelax taldeekin, tartifleta eta Chouffe xorta batekin lagundurik.
Larunbatean, berriz, antzerki umoretsua eskainiko da: Maryse Urrutyk Adriene Bergson Johnson ikusgarria emanen du, 18:00etatik goiti.