Larzabale-Arroze-Zibitze (Baxe Nafarroa)

Larzabaleko kolegioko ikasleek aste berezia antolatu dute Integrazio Batzordearen alde

Ahalmen urritasunaren inguruko sentsibilizazioa sustatzea eta, aldi berean, Integrazio Batzordearen alde dirua biltzea dira Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko ikasleen xedea.

Larzabaleko kolegioko ikasleek aste berezia antolatu dute Integrazio Batzordearen alde
Larzabaleko kolegioko Nerea, Leire, Luzio, Amaiur, Maika Arla Animatzailea, eta elgarrizketa egilea Rosa Gomez, irratian egon dena euskara ikastaldiz
Jone Barneix
2026/06/17 09:53

Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko ikasleek hainbat ekimen antolatu dituzte aste osoan zehar.

Astelehenetik ostiralera, ikasleek etxean prestatu bixkotxen salmenta egin dute. Horrez gain, egun batez piknika antolatu dute ikasleentzat. Hala ere, burasoek kantinaren prezioa ordaindu dute, haurrek bertan bazkaldu izan balute bezala. Bixkotxen salmentatik eta kantinaren ekarpenetik bildutako diru guzia Integrazio Batzordeari emana izan zaio.

Morgane Doche zinema-egilea gomitatu dute kolegiora. Ikasleek haren dokumentala ikusi ahal izan dute, eta ondoren harekin trukatzeko parada ere ukan dute.

Morgane Dochek elea galdu zuen AVC baten ondorioz. Bere dokumentalean, autismoa duten bi haur ttipiren egunerokoa segitzen du, hitz egiten ikasteko egiten duten bidea erakutsiz. Lan horretan, haur horien burasoen eta profesionalen engaiamendua ere agerian uzten du.

Larzabaleko kolegioan, gaur egun, 19 ikaslek Integrazio Batzordearen laguntza behar dute beren eskolatzean. Haientzat ere aste berezia izan da; izan ere, beren zailtasunez, esperientziez eta eguneroko erronkez mintzatzeko aukera ukan dute.

Oztibar Trail: aste bereziaren azken hitzordua

Aste huntako azken hitzordu nagusia ekainaren 21ean izanen da, lehen aldikoz antolatzen den Oztibar Trail lasterketarekin.

Ibilbideak Donaixti eta Larzabale arteko tontorrak zeharkatuko ditu, besteak beste Beltxu (1.130 m), Nethe (748 m) eta Orgamendi (642 m) gainetatik iraganez.

Hiru formula proposatzen dituzte antolatzaileek:

  • 30 km / 2.000 m D+ lasterkaldia

  • 15 km / 750 m D+ lasterkaldia

  • Ibilaldi bat

Lasterkari izan ala ez, denak gomit dira Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegiora. Egun osoan zehar jan-edana, animazioa eta besta giroa izanen dira. Bildutako etekin guziak Integrazio Batzordearen alde emanen dira, ahalmen urritasuna duten ikasleen eskolatzea sustengatzen segitzeko.

 

Interesgarri izanen zaizu