Joan den astelehenean bildu dira Iholdi-Oztibarreko lurralde eremuko hautetsiak, eta hainbat gai jorratu dituzte. Horien artean, Oztibarren trinketa baten ukaiteko beharra berriz ere aipatu dute.
Oztibarren kirol azpiegitura baten beharra
Aspaldiko gaia da, baina auzia berriz piztu da Larzabaleko Olharan trinketa salgai ezarria delako. Euskal Hirigune Elkargoak ikerketa bat eginen du, eraikinaren egoera eta beharrezko obrak neurtzeko. Besteak beste, trinketa gaur egungo arauetara egokitzea eta aparkalekuen antolaketa aztertuko dituzte.
Azterketa horren arabera erabakiko da Olharan trinketa zaharberritzea komeni den, edo beste trinketa berri baten eraikitzea;
Erreken bazterren antolaketa
Bilkurako beste gaietako bat lurraldeko erreken bazterren antolaketa izan da, Natura 2000 dispositiboaren baitan.
Duela hamar bat urte ez da deus egin Lapiotze eta huntarat isurtzen diren erreken inguruko antolaketan. Besteak beste, kabalen edanguneak ezartzea edota hesiak landatzea izanen lirateke egin beharreko lanetako batzu.
Hautetsiek beharrak aztertuko dituzte lehenik, eta ondotik, lan horiek egiteko dirulaguntza dosierrak eginen.
Herrietako zubiak ere mahai gainean
Herrietako zubien egoera ere aipatu dute bilkuran. Lurraldeko hainbat herritan zubiak egoera txarrean baitira.
Frantzia mailan zubiak konpontzeko programa berezi bat martxan dela gogorarazi dute. Programa horren bidez, herriko etxeek zubien arrañatzeko gastuen %60rainoko dirulaguntza ardiesten ahal dezakete.
Eskola eta kolektibitateetako kantinak
Azkenik, lurraldeko eskola eta kolektibitateetako kantinak ere aipagai izan dira. Hautetsiek ikerketa bat bultzatuko dute, egungo egoera hobeki ezagutzeko.
Besteak beste, apairuak nork hornitzen dituen, zer preziotan eskaintzen diren eta lehengaiak nondik heldu diren aztertuko dute.