Urzaiz elkarteko lau kide ariko dira taula gainean, Arantxa Hirigoienek idatzi eta zuzendu duen lan berrian. Klima aldaketa, beroketa globala eta Lurraren suntsiketa dira obra honen ardatz nagusiak.
Urzaiz elkartearen ibilbidea: kabalkadetatik kultur eskaintzara
Ortzaizeko kabalkada antolatzeko sortu zen Urzaiz elkartea, baina azken urteetan kultur elkarte bilakatu da, eta urte osoan zehar hainbat hitzordu antolatzen ditu: bertsu saioak, kantaldiak, ikusgarriak… Urte hondar honetan, gainera, antzerki sorkuntza propio batekin heldu dira, Euskal Elkargoaren ELKI dirulaguntzari esker.
Taula gainean ariko dira: Maialen Çuburu, Aña Ameztoi, Elena Casiriain eta Maite Casiriain. Idazketa eta zuzendaritza lanetan Arantxa Hirigoien ari da eta teknika lanetan Aitz Amilibia.
Euskal antzerkiaren maitasunak elkartuak
Lau antzerkilariek elkar ongi ezagutzen dute: guziak dira Urzaiz elkarteko kide, eta guziek dute antzerkirako zaletasun handia. Hala ere, ez dute sekulan halako sorkuntza batean parte hartu; orain arte ez zuten ez teknikari baten ez zuzendaritza profesionalaren laguntzarik ukan. Esperientzia “biziki baikorra” izan dela diote, eta libertimendu edo kabalkadetatik harago, euskaratik eta euskararentzat sortutako gela barneko ikusgarri bat eskaintzeak plazer berezia eman die.
‘Nor naizen baneki’ antzerkiaren oihartzunen ondotik
Badakite ikusle ainitzek Axut konpainiaren Nor naizen baneki antzerkiarekin konparaketak egin ditzaketela; hala ere, argi dute bi antzerki moldeentzat badela lekua. Antzerki profesionala eta amateurra ez dira lehian: biak dira antzerkia gozatzeko molde aberasgarriak.
Gai latz eta garaikide bat, teilatu gaineko terrazatik
Obraren eszena teilatuko terraza batean kokatzen da. Beroketa klimatikoak eragindako bero ikaragarriaren ondorioz, pertsonaiak arratseko “freskura” bila iganen dira terrazara. Solasaldi horien bidez, antzerkiak gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu: klima aldaketa, beroketa globala, Lurraren suntsipena… baina baita eguneroko bizipenak ere: laguntasuna, adiskidetasuna eta norberaren barne arrangurak.
Lau data, ez gutiago eta ez gehiago
‘Lau, teilatu gainean’ ikusteko lau emanaldi baizik ez dira proposatuak izanen:
Abenduaren 6an Larresoron
Abenduaren 7an Liginagan
Abenduaren 13an Domintxainen
Abenduaren 14an Ortzaizen
Emanaldi guziak 18:00etan hasiko dira. Sartzeak lekuan bertan erosi beharko dira; ez da aitzin salmentarik egonen.
