Donapaleu (Baxe Nafarroa)

"Le Murmure des Possibles" antzerkia aurkeztuko dute eri egon diren emazteek

Les Battements d’Elles elkarteak antzezlan berezi bat ekarriko du Donapaleura azaroaren 2an. Minbizia pairatu edo pairatzen ari diren emazteek beraiek taularatuko dute.

"Le Murmure des Possibles" antzerkia aurkeztuko dute eri egon diren emazteek
Baionako Les Battements d'Elles elkarteko kideek "Le Murmure des Possibles" antzerkia aurkeztuko dute. IRULEGIKO IRRATIAK
Xarlot Etxeberri
2025/10/30 09:24

Les Battements d’Elles elkarteak “Le Murmure des Possibles” antzezlana aurkeztuko du Donapaleuko Bideak gunean, azaroaren 2an, igandez. Kostaldean sortu eta 2024 hondarrean Amikuzen plantatu zen elkartearen helburua da minbizia pairatzen duten emazteei laguntzea, eritasunak eragiten duen bakartasunetik ateratzen lagunduz, kirol, kultura eta sorkuntza jardueren bidez.

Amikuzen, astean behin hamar bat emazte elkartzen dira aktibitate desberdinak partekatzeko. Odile Sallatok, minbizia gainditu duen kideak, elkartean parte hartzea aberasgarria dela azpimarratu du: “Ez gira beti eritasunaz mintzatzen, baina esperientzia amankomun batek lotura berezia sortzen du; familia bat gira, sostengu handia emanez elkarri”.

Donapaleun den adarra, Baionakoaren laguntzarekin finantzatua da, harreman hurbila dute bi taldeek. Ondorioz, Baionako taldeak prestatutako “Le Murmure des Possibles” antzezlana eramanen dute oraingoan Donapaleura. Hecho en Casa konpainiako Vivianaren gidaritzapean, antzezlanak haurren ametsen eta helduen emozioen arteko bidea aztertzen du, bizipen sakon eta baikor baten bidez.

Sartzeak erreserba daitezke lesbattementsdelles.org edo 06 19 39 05 86 zenbakira deituz.

Interesgarri izanen zaizu