Landibarre (Baxe Nafarroa)

Lehen aldiz oztopo lasterketa bat antolatuko da Landibarren, urriaren 10ean eta 11n

Ekimenaren antolatzailea Euskal Race elkarte berria da, Landibarreko besta komitearen partaidetzarekin.

Lehen aldiz oztopo lasterketa bat antolatuko da Landibarren, urriaren 10ean eta 11n
Oihana Rioja eta Ainara Etxelet Landibarreko besta komitekoak. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2025/10/07 11:19

Lasterketa ez da molde bakarrekoa izanen: parte-hartzaileek hautuan ukanen dute 9 kilometro eta 20 oztopoko ibilbidea edo 12 kilometro eta 24 oztopoko ibilbidea egiteko. Hautua baita ere bakarka edo binaka, kronometratuta edo kronometratu gabe aritzeko. Bestalde, erreleboan egiten bada, 3 edo 6 kilometroko tarteak eginen dituzte parte-hartzaileek.

Oztopoen artean aurkituko dira, besteak beste, lasto altxatzea, murru baten igaitea, erreka baten zeharkatzea sare gainetik, edota suaren gainetik pasatzea. Lasterketaren helburu nagusia da kirola egitea, indarra erakustea oztopoak gainditzeko, baina baita giro ona uztartzea.

Bi egun, publiko ezberdinentzat

Ostirala, urriaren 10a, enpresei zuzendua izanen da, talde-lana eta lankideen arteko harremanak indartzeko xedez. Larunbatean, urriaren 11n, lasterketa denentzat irekia izanen da. Abiatzeak laurden guziez antolatuko dira, goizeko 9:00etatik 12:30 arte. Landibarreko eskolako gurasoek janari eskaintza zabala prestatuko dute: taloak, eta mahaian zerbitzatutako menuak, bai eguerdian eta bai arratsez. DJ batekin bukatuko da gaualdia.

Izena emateko eta informazio gehiagorendako

Parte hartu nahi dutenek, edo informazio gehiago nahi dutenek, Euskal Race-ren webgunean aurkituko dituzte argazkiak, bideoak eta izen-emateari buruzko xehetasunak. Parte-hartze prezioa, oro har, 40 euro ingurukoa izanen da. Hitzordua: Landibarre, Behaunen Kirolariak eta ikusleak ongi etorriak dira.

 

Interesgarri izanen zaizu