Parcoursup plataformak, notek, presioak eta ikasleen arteko lehia giroak markatu testuinguruan, bestelako mezu bat plazaratu nahi izan dute Navarre lizeoan. Horretarako, ikasleekin mural handi baten sortzea erabaki dute, XabXab artistarekin.
Mural hori «Begirada» izeneko proiektu zabalago baten baitan kokatzen da. Ikasturte hastapenetik, ikasleengan ikuspegi kritikoa eta zorrotza garatzea ukan dute helburu. Horren harira, prentsaren inguruan ere lan egin dute: artikuluak irakurri eta idatzi dituzte, eta urte hastapenean Guillaume Fauveau prentsa-argazkilaria ere gomitatu zuten tailer bat eskaintzera.
Oraingoan, berriz, XabXab tindatzailearekin elkarlanean, obra kolektibo bat sortu dute. Artistak ikasleek eman ideietarik abiaturik diseinatu du murala. Erdialdean adin desberdinetako eskuak ageri dira, elgarren gainean pausatuak, kohesioa, elkartasuna eta belaunaldien arteko transmisioa irudikatuz. Euskal Herriari egin keinuak ere badira horretan, hala nola EHZko eskumuturrekoa edo lauburua.
Ikasleek xuxenki parte hartu dute tindaketa lanetan, eta emaitza ikusgai da jadanik. Kantinara doan pasabidean da, hogei bat metroko luzera duen muralak ikasleen eguneroko bidea laguntzen du. Murruan irakur daiteke ikasleek beraiek hautatutako mezua: «Lorpenik ez da akatsik gabe». Mezu sinple baina indartsu batek gogorarazten du ikaskuntza eta arrakasta ezin direla akatsetatik bereixi.


(Ikasle eta erakasleen lekukotasunak juntatu erreportaian, erreportai egilea: Johanna Quincanpoix, AEK-rekin euskara ikasten ari dena, eta irratian ikastaldiz ukan duguna)