Donapaleu (Baxe Nafarroa)

"Lourdes Iriondo, ez gera alferrik pasako” filma, beste gauza batzuer garrantzia emaitea

Bere dokumental berria Donapaleuko Saint Louis zine gelan aurkeztuko du Inge Mendioroz Ibañezek urtarrilaren 31an, ibiakoitzez. Artistaren biziaren kontakizunaren bidez, historian ahantziak izan diren emazteen lekua berrezarri nahi du.

"Lourdes Iriondo, ez gera alferrik pasako” filma, beste gauza batzuer garrantzia emaitea
Idoia Garzes Aldazabal gidoilaria eta Inge Mendioroz Ibañez zuzendariak dokumentala Donapaleun aurkeztuko dute. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2026/01/30 14:14

“Lourdes Iriondo, ez gera alferrik pasako” bere dokumental berria Ipar Euskal Herrian aurkeztuko du Inge Mendioroz Ibañez zuzendariak. Hazparneko Zinegin festibalean estreinatu zuen azaroan, aitzin agerraldi baten kari, baina asteburu honetatik goiti Iparraldeko zinemetan hedatzen hasiko da. Donapaleuko Saint Louis zinegelan ibiliko dira urtarrilaren 31an, ibiakoitzez, biharamunean Maulera joan aitzin, igandez.

Dokumentalaren hastapena, halabeharraren eragina. Proiektuari lotu baino lehen, Inge Mendioroz Ibañezek ez zuen baitezpadako jakitaterik hogeigarren mendeko artistari buruz. Funtsean, publiko handiak badakiena bazakien Ibañezek, hots Historiak kondatzen daukuna: Lurdes Iriondo, Ez Dok Hamahiruko kantari bakarlaria zen.

Ikertuz ikertu, informatuz informatu, miatuz miatu, hori baino gauza aintzez gehiago burutu zuela deskubritu zuen, harriduraz beterik. Lurdes Iriondo gaztetik kantuz ari zen, bai, baina horrez gain kasketa pila bat janzten zuen, nola Haurrentzako liburu eta diskoen famatuen idazlearena, hala ikastoletan ibilitako antzerki frangoren sortzailea eta zuzendaria. Obra horiek, liburuek diskoek eta antzerkiek, euskaldun anitzen biziari erritmoa eman dakote, jakin gabe Iriondoren sorkuntzak zirela.

 

Inge Mendioroz Ibañezen arabera, nahiz eta gauza batzuk ezagunak diren, ez zakote garrantzirik emaiten. Hala ere, Lurdes Iriondok egin zituen ekarpen horiek garrantzi handia bazuten eta badute gaur egun, haurren bizietan, baita Ikastolendako eraman lana euskararen alde. Haien dokumentalean, Lurdes Iriondoren bizia estakurutzat harturik, belaunaldi oso bat argian ezarri nahi izan dute. Iriondorenak bezala, Estitxu, Maite Idirin, edota Patxika Erramuzperen ekarpenak eta engaiamenduak ere itzalean egon zirela, haien garrantzia ukatuz. Historia kondatu zaukutelarik, gizonen errola baizik ez zuten kondatzen, emazteen lekua usuegi ahantziz.

 

Alta, historian bezala, gaur egun ere emazteek eta gizonek ber erronkak lortzen dituzte, baina gizonenak beti gehiago agerian ezarriak dira. Mendioroz Ibañezen ustez, berriz kondatu behar dira historiak, beste gauza zonbaiter garrantzia emaiteko, eta horren bidez errealitatea berrezartzeko, emazteen errealitatea. Lurdes Iriondoren kasuan, kantatzeak fama ekartzen zuen, baina bere beste lan anitzek bezainbat garrantzi bazuten ere, adibidez ikastolaren alde egindako lanek.

 

Hausnarketa horietarik sortu dute dokumentala Idoia Garzes Aldazabal gidoilariarekin. Irudier dagokienez, sortzeko gaitasunak baliatu dituzte artistek. Irudi dokumentalik ez zen, eta Lurdesek ez zuen maite elkarrizketarik emaitea, orduan emaiten zituen bakarrik prentsa idatzian ziren. Izan ere, artikulu horietako hitzak berriz hartu dituzte oinarri gisa, artxiboak, garaiko kontzertu batzuen irudiak, baita beste sortzaile batzuen lanarekin batera ere. Ilustrazioak Eider Eibarrenak ditu sortu, kartella Elena Odriozolak, eta musikak Mursegok.

 

Donapaleuko Saint Louis zine gelan izanen da Inge Mendioroz Ibañez, “Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako” dokumentalaren aurkezteko, ibiakoitz arratseko 20:30etatik goiti. Biharamunean Mauleko Maulebaitha zine gelara joanen da.

Interesgarri izanen zaizu