Luzaide eta Arnegiko eskola elkartuak hamar urteko ibilbidea ospatuko du urriaren 17an, egun osoko bestarekin. Mugaz bi aldeetako haurrak biltzen dituen eskola elkartu bakarra da, eta gaur egun 35 haur inguru dabiltza bi eskolen artean.
Duela hamar urte, erakasle eta buraso batzuen ekimenez sortu zen proiektua, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren laguntzarekin. Hamar urte hauetan, mugaren bi aldeetako haurrak eskola proiektu berean biltzea lortu da.
Hiru hizkuntza, egunerokoan
Gaur egun, 35 haur inguru ibiltzen dira Luzaide eta Arnegiko bi eskolen artean. Euskarak, frantsesak eta espainolak beren lekua dute haurren egunerokoan, bai ikasgaietan, bai elgarren arteko harremanetan. Hizkuntza batetik bestera molde arruntean pasatzen dira, hiru hizkuntzak beren bizitzaren parte bilakatuz.
Egun osoko besta urriaren 17an
Hamar urteko ibilbidea ospatzeko, egun osoko egitaraua antolatu dute urriaren 17rako. 9:00etako kafearen ondotik, eleaniztasunari buruzko mintzaldia eginen dute, eta eskolen bisita ere izanen da.
Ondotik, dantza eta bazkaria izanen dira, Lasa Kantuz taldearekin. Arratsaldean, haurrentzat jokoak eta mago ikusgarria dira egitarauan. Eguna bururatzeko, Ibiliz taldearekin taloak jateko aukera izanen da.