Azken bi urteetan euriak lausotu bazuen hain garrantzitsua den Bolant eguna luzaidarrentzat, aurten eguzki eder baten azpian, Luzaideko dantzariek berriz ere beren jantziak erakutsi zituzten Pazko igandez, herriko karriketan barna desfilatuz.
Egun berezia izan da aurtengo Bolant eguna: 140 dantzariek Martxaren doinuan abiatu dute desfilea, jendez gainezka zen Santiago plazaraino. Han, ohiko dantzak eskaini dituzte: Bolant dantza, Erdizka Lauetan, Hegi, beste jauzi batzuk eta kontradantzak. Makilariek ere ez dute hutsik egin.
Ezusteko omenaldia
Arratsaldean, Bolanteek berriz bete dute plaza, dantzekin segituz. Bereziki nabarmena izan da belaunaldien arteko transmisioa, lehen aldiz aritu diren ttipienen artean, eta adin guzietako dantzarien parte-hartze zabala.
Hala ere, eguneko momenturik bereziena musikariek ekarri dute. Bolanteekin batera, ezusteko omenaldi hunkigarria antolatu dakote Juan Miguel Cantero luzaidarrari, musikaren alde 50 urteko ibilbidea aitortzeko. Makilari, txistulari eta saxofonista, bere ibilbidea estuki lotua da herriko kulturarekin.
Aitortza gisa, zapia eta koadro bat eman dazkote, eta aurreskua dantzatu da, eta hurbildutakoen txalo zaparrada jaso du. Bururatzeko, Xabi Aguirre herriko musikariak sortutako Kiteria izeneko martxak hetsi du eguna.