Urepele (Baxe Nafarroa)

Lyonen, Miren Airek bi urrezko medaila eskuratu ditu ardi esnez egiten duen izozkiarekin

Azaroan, Lyonen nazioarteko lehiaketa handi bat antolatzen da, laborariek gehienbat egindako ekoizpenak lehian jartzen dituena. Sailka antolatua da: gasnak eta esnekiak, arnoak eta xarkuteria.

Lyonen, Miren Airek bi urrezko medaila eskuratu ditu ardi esnez egiten duen izozkiarekin
Miren Aire, Urepele Iturrilbeltzeko artzaina.
Jone Barneix
2025/12/16 09:54

Miren Aire artzaingoan hasi zen 2001ean, ardi buru beltzekin. Lehen urteetan artzain soil gisa aritu zen, udan bortura joanez eta neguan beste etxalde batean bazkaz. Geroxago, Urepelen Iturribeltzean, bere amaren sortetxean instalatu zen. Han lanean ari zen osaba erretretan sartu zenean, Mirenek hartu zuen segida.

Haste hastetik, ardi esne guzia gasna egiteko transformatzen du. Denborarekin, ordea, beste ekoizpen batzuk ere egiten hasi da: gasna mota desberdinak, iaurtak, eta duela lau edo bost urte, izozkiak. «Hasieran kuriositateagatik izan zen, ikasteko gogoz. Baina dena segida bat da. Segurki, hazkuntzatik arrunt desberdina den lan bat da, baina segida polita da, laborantxako lana untsa borobiltzen duena».

Iturribeltzeko gasna eta esneki guziek Ahadi izena dute, Urepeleko mendi gorenaren izena. Mendi hori ongi ezagutzen du Miren Airek: etxaldetik hurbil da, eta udan bere ardiak hara igortzen ditu.

Izozkien errezeta xuxena atxemateko denbora behar da

Ez zako errexa izan ardi esnez egindako izozkien errezeta egokia atxematea, ez baita ohikoa halako izozkirik egitea. «Oreka zehatza behar da esnearen, sukrearen eta beste osagaien artean. Esnearen gantzarekin eta duen ur kopuruarekin ere kasu eman behar da: bestenez, izozkia ez da behar bezala gogortzen, edo sobera gogortzen da, edo izotz puskak sortzen dira. Biziki teknikoa da, eta huts egitea biziki errexa».

Entseguz, entseguz, ariz eta ariz denborarekin, errezeta egokia lortu du. Gaur egun bederatzi gustu desberdin proposatzen ditu: xokoleta, banilla, zitroina, hurra, pistatxoa… Horietatik bost aurkeztu ditu Lyongo lehiaketan. Pistatxozko eta hurraren gustuekin urrezko bi medaila irabazi ditu, eta esne hutsez egindako izozkiarekin, zilarrezkoa.

Ezagupena eta plazera

Konkurtsoaren emaitza jakitean, Miren Aire harritu da, baina aldi berean «zinez kontent, eta plazer handia» ukan du.

Urepele Iturribeltzeko Ahadi gasna edo izozkiak, Donibane Garaziko Eztika laborarien dendan erosgai dira, baita Donapaleun, Ezpeletan edo beste tokiko ekoizpen saltegietan ere.

Interesgarri izanen zaizu