Mae Thomas Muble tapizatzailea 2025az geroztik ari da ofizioan, Amikuzen. Garai bateko altzariak berritzen ditu, barneak konponduz eta oihalak aldatuz.
Kovid garaian eskulanen munduan murgildu ondotik, Mae Thomasek lanbidez aldatzea erabaki zuen, eta tapizatzaile izateko formakuntza segitu zuen. Gaur egun, Muble izeneko bere jardueran ari da, Amikuzen, altzari zaharrei bigarren bizia ematen.
Ofizioaren bidez, aitzineko garaietako altzariak berritzen ditu. Horretarako, jarlekuen barneak konpontzen ditu, eta oihalak ere aldatzen, altzariei itxura berri bat emateko. Bezero bakoitxaren nahien arabera moldatzen du lana. Alabaina, koloreek leku berezia dute bere sorkuntzetan. Koloreak atsegin dituela aitortu du, eta bere lanean indar baikorra ekartzen diotela.
Txinpartan, sei ofizial
Mae Thomas abenduan Donapaleuko merkatu estalian eginen den Txinparta salguneko sei ofizialetako bat izanen da. Hainbat ofizio eta jakintza bilduko ditu salguneak: dendariak, harri bitxi egileak, kandelagileak eta ongizatearen alorreko ekoizleak, besteak beste.