Donapaleu (Ipar EH)

Maialen Alfarok kartoietatik aterako ditu Patxika Erramuzpe eta Gexan Alfaroren liburuak

Ahanzturatik urrun, Patxika Erramuzpek eta Gexan Alfarok karrikaratu zituzten haurrendako liburuak berpiztuko dituzte irakurketa berezia dela medio: Maialen Alfaro haien alabarekin batera irakurketa antzeztua eginen baitute Amikuzeko mediatekan.

Maialen Alfarok kartoietatik aterako ditu Patxika Erramuzpe eta Gexan Alfaroren liburuak
Patxika Erramuzpek eta Gexan Alfarok idatzi zituzten liburuak. AMIKUZEKO IRRATIA
Ainize Madariaga
2025/12/16 09:47

Maialen Alfaro sofrologoak opari berezia eskainiko die Amikuzeko mediatekarat hurbilduko direnei abenduaren 17an. Izan ere, Patxika Erramuzpe eta Gexan Alfaro gurasoek duela bizpahiru hamarkada jalgi zituzten haurrendako liburuak kartoietatik atera eta irakurriko dituzte, antzezpen eta kantu zenbaitek ederturik. Bat baino gehiago oroituko da liburu horiez: Kapitain pilotu, Pattin eta Patto...

Argitaratu zirelarik, erran daiteke haur eta gazte literatura euskaraz ez zela joria, ez baitzen hauturik.

Geroztik, bide egin du haur eta gazteendako euskal literaturak eta denetarik atzeman daiteke oraingo egunean. Alta, sofrologian ikasketak eginik, Maialen Alfarok beharrezkoak diren tresnak sortu ditu: haurrendako sofrologia-ariketak egiteko ipuinak argitaratzen baititu Maiana Itoiz ilustratzailearekin elkarlanean.

Preseski, Elkar argitaletxeak trilogiako hirugarren liburua atera berri du: Goazen oihanera. Aitzin, jadanik argitaratu dituzte Altxorraren bila eta Itsaso zabalera. Erran behar da ez direla liburu hutsak, haien kantuak ere baitituzte diskoetan grabatuak, eta, edonoren eskura dira interneten.

Gainera, Maialen Alfarok berak animatzen ditu liburu irakurketak, zeintzuek haurrei eginarazten baitizkie sofrologia-ariketa ludikoak, gorputzaren hobeki behatzen jakiteko. Xedea delarik, haurrei eta haurren ingurukoei ahal bezain tresna gehien ematea, "Barne entzumena lantzeko eta izpiritu kritikoa atxikitzeko".



Interesgarri izanen zaizu