Bidarrai (Baxe Nafarroa)

Maite Barnetche, euskarazko irrati eta telebistaren aitzindaria, omenduko du Bidarraik irailaren 6an

Bidarraiko herriko alaba ospetsuari omenaldia eskainiko diote irailaren 6an, Maite Barnetche kazetari eta aurkezlearen heriotzaren 40. urteburuan. Euskal irrati eta telebistaren aitzindarietarik izan zen, euskarari toki iraunkorra emanez uhinetan.

Maite Barnetche, euskarazko irrati eta telebistaren aitzindaria, omenduko du Bidarraik irailaren 6an
Maite Barnetche, irratiko magazinean lanean. BARNETCHE FAMILIA
Marie Agnes Gorostiague
2026/08/29 11:54

1941ean Bidarrain sortua, Maite Barnetche kazetariak euskarazko irrati eta telebistaren bidea urratu zuen. Lehenik Radio Côte Basque irratian aritu zen, eta ondotik FR3 Aquitaine katean euskarazko lehen telebista emankizunaren aurkezle eta kazetari bihurtu zen.

1971ko urriaren 4an eman zen lehen aldiz Euskal Herria orai eta gero emankizuna. Maite Barnetchek zuzendu zuen, eta 1971tik 1985era Euskal Herriko herriak, jendeak, kultura eta hizkuntza etxe anitzetara eraman zituen.

Lehen saioa Mattin bertsolariaren inguruan eraiki zen. Emankizunaren hastapenean, Mattinek bertso bidez egin zuen telebistako euskararen etorreraren aipamena: «Telebistan ere hasi zaizkigu / eskuaraz emankizunak», zioen. Hilabetean bi aldiz hedatzen zen emankizunak Euskal Herriko gai anitz jorratu zituen: laborantza, bertsularitza, arrantza, ekonomia, modernitatea, familia, ikastolak, artea, gazteria, antzerkigintza, lizeo eta kolegioak nahiz euskal diaspora. Herriz herri eta xokoz xoko ibili zen Maite Barnetche, Euskal Herriko bazterrak eta jendeak pantailara eramanez.

Telebistako artxiboak berriz ikusgai

Maite Barnetchek 1971 eta 1985 artean zuzendu emankizunen inguruko lana abiatu zuten Euskal kultur erakundeak eta INAren Tolosako adarrak, 2017an. Dokumentuak INAren jabegoan daude, «Magazine Basque: Euskal Herria Orai eta Gero» bilduman sailkaturik. Emankizunak Euskal kultur erakundeko Ahozko ondare kontsultagunean ikus daitezke, Uztaritzen. Maite Barnetche 1986an larriki eritu zen eta hilabete zenbaitzutara zendu zen, Bidarten. Haren heriotzatik 40 urtera, Bidarraik bere herriko alaba omenduko du.

Egun osoko omenaldia

Irailaren 6ko egitaraua 9:30tan hasiko da, mezarekin. 10:30tan, hitzaldiak, bertsoak eta kantuak izanen dira herriko plazan. 11:30tan, lekukotasunak eta bideoak eskainiko dituzte Herriko Etxeko gela nagusian. Arratsaldean, 14:30etik 18:00etara, Maite Barnetchek zuzendu emankizunak kontsultatzeko parada izanen da Herriko Etxeko gela batean.

Interesgarri izanen zaizu