Baigorri (Baxe Nafarroa)

Marka berriak hautsi dituzte aurten Organbidexkako xorien migrazio-kondaketek

Urte guziz bezala, LPO Xorien Ligako kideek xori migratzaileen kondaketa egiten dute Organbidexkan. Aurtengo saisoina uztail erditsutan hasi zen, miru beltzen pasaiarekin, eta azaro ondarrean bururatuko da kondaketa.

Marka berriak hautsi dituzte aurten Organbidexkako xorien migrazio-kondaketek
Txomin Haure-Placé, Organbidexka xorien migrazio ikerlaria. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/11/09 14:50

Egun hauetan, lertxunen pasaia da bereziki ikusten. Joan den astean, adibidez, 50.000 lertxun baino gehiago zenbatu zituzten egun bakar batean Linduxeko lepoan. Urtxoek ere migrazioan segitzen dute, falkoin, mirotz eta beste harrapari ainitzekin batean.

Baina aurten, usaiako espezieez gain, ustegabeko pasaia bat ere izan da Organbidexkan: ur-xori ainitz pasa dira lepotik. Txomin Haure-Placé LPOko xori-migrazio ikerlariak azaldu duenez, ez da usu ikusten halako fenomenorik. Alabaina bi migrazio-ibilbide nagusi dituzte xoriek: bata Atlantikoko ibilbidea da, eta bestea Rhone ibarrekoa. Organbidexka azken ibilbide huntan aurkitzen da, eta ur-xoriek, usu, Atlantikoko pasabidea hautatzen dute.

Hiru espezietan, azken hamar urteetako marka berriak

Aurtengo kondaketak emaitza aipagarriak eman ditu. Azken hamar urteetako datuak kondutan hartuz, hiru xori espezietan marka berriak hautsi dituzte Organbidexkan: 24.500 zapelatz, 375 arrano arrantzale eta 1.400 zingira-mirotz zenbatu dituzte.

Horrez gain, gero eta gehiago dira amiamoko xuriak edo zikoinak. Erran behar da haien elikatzeko ohidurak aldatu dituztela azken urte hauetan, eta gaur egun hondakindegietan ere ikus daitezke janari bila.

Xorien migrazioaren kondaketak baitezpadakoak dira espezieen egoera eta populazioen bilakaera hobeki ezagutzeko. Zonbait espezieren kopuruak kezkagarriak baldin badira, beharrezkoak diren babes-neurriak hartzeko posibilitatea ematen dute datu horiek. Miru gorriarekin egin zen bezala duela zonbait urte.

Xorien mundua hurbilagotik ezagutu nahi dutenentzat, migrazio-kondaketen ikusteko webgune bat bada: Trektellen webgunean ikus daitezke munduan zehar egiten diren behaketa eta zenbaketa guziak.

Interesgarri izanen zaizu