Ihauteriak otsailaren 7an, arratsaldez, iraganen dira Irisarrin. Usaian bezala, Irisarriko eskola publikokoak dira ihauteri horien bultzatzaile nagusiak. Urtero indar handia ematen dute ikusgarria ederra, alaia, koloretsua eta euskalduna izan dadin.
Maitena Bacho erakasleak esplikatu daukunez, bi helbururekin antolatzen dituzte ihauterien ekitaldiak: alde batetik, euskara gelatik kanpo ere sustatzeko; eta bestetik, Euskal Herrian barna iragaiten diren ihauterien ezagutza haurrei transmititzeko. Horretarako, urtero ihauterietako pertsonaia famatu bat hautatzen dute, eta eguna haren inguruan antolatzen.
Aitzineko urteetan, besteak beste, Durangoko Surrandiak, Lantzeko ihauterietako Mielotxin, Ziripot eta Zaldiko, Santibate eta libertimenduko zirtzilak izan dira landuak; jaz berriz maskarada baten proposamena egin zuten.
Aurten, Araban atxeman dute inspirazioa, Gasteiz ondoan den Zalduondoko ihauterietako pertsonaia ezaguna hautatuz: Markitos. Haurrek kondatu daukutenez, Markitos handia da, gaixtoa eta ohoina.
Larunbatean Markitos eta Zalduondoko beste pertsonaiekin batera, ihauteriak Irisarrin ospatuko dituzte 16:00etatik goiti, desfilea abiatuko da, dantzariak, txaranga eta Amikuzeko joaldunak lagun. Karrikaz karrika ibiliko dira, etxe batzuetan geldituz eskean, eta herritarrek eskainiko duten janaria elgarrekin janez plazan. Ondotik, auzia irakurria izanen da eta Markitos sura botako dute.