Martxo urdina kari, osagarriaren prebentzioa ardatz profesionalak elkartu dira Baigorrin

Adin guzietako jendearentzat idekiak diren zerbitzu eta aholkuak aurkeztu dituzte, eguneroko osasuna zaintzeko tresnak hurbilduz.

Martxo urdina kari, osagarriaren prebentzioa ardatz profesionalak elkartu dira Baigorrin
Arta zerbitzukoak Baigorrin, CPTS egiturak egin prenbentzio goizaldean; hemen Kattin Noguez eta Miren Etxelet
Jone Barneix
2026/03/30 16:00

Parte hartzaileen artean zen Maite Cuburu, Baigorriko arta etxeko erizaina. Bere mahaian, adin tarte desberdinetan egin daitezkeen osagarri bilanen inguruko informazioa eskaintzen zuen. Azaldu duenez, jendeak usu jotzen du arta desberdinetara eri edo min duelarik, baina prebentziozko bilan horiek eginez, zenbait arazo aitzinetik saihestu daitezke. Zerbitzu horiek, gainera, kitorik eta deneri idekiak direla azpimarratu du.

Ondoko mahaian, Miren Etxelet gizarte laguntzailea eta Kattin Noguez izan ziren. Noguezek autonomia galtzen duten pertsonen egoera ebaluatzen du, ondoren behar dituzten laguntzak eskuratzen laguntzeko.

Bestalde, Baionako ospitaleko osagarri animatzailea den Miren Claverie ere hor zen. Bere mahaia eguneroko bizian erabiltzen diren produktuez beterik zen, eta prebentzio lanari loturik, tresna horien erabilera egokiaz eta izan ditzaketen arriskuez informazioa ematen zuen.

Halaber, Renovation elkarteko Léonie Etcheto ere presente izan zen. ARS eskualdeko osagarri egituraren baitan lan egiten duen elkarte horrek adinekoen osagarri mentala lantzen du.

Erreportajea egiteko, mahainez mahain ibili gira, parte hartzaile bakoitzaren lana hurbiletik ezagutzeko.

Interesgarri izanen zaizu