Biztanleria berriz emendatzen hasi da, eta herria bizirik atxikitzea dute helburu, gazteak herrian egonkortzea.
Herritarren kopurua apaltzen bazen ere, azken denboretan egoera hori itzulikatu da, eta biztanleria berriz emendatzen hasi da Mendiben.
Azken urte hauetan egin diren obra handietan aipagarrienak izan dira:
Herriko etxe berria, eliza ondoan;
Errebote inguruko sala berria, 180 jenderentzat lekua duena;
Eraikin berria Hergarai ibarreko elkarteendako, Oroimena elkartearen erakusketa iraunkorrarekin Iratiko oihanaren ustiaketa eta kablearen historiari buruz;
Plaza gibeleko aldagela berriak;
Haurren josta gunea.
Gaur egun, elizako obrak ari dira egiten, eta hilerrian harri borobil zaharren babesleku bat eraikiko dute, balio historiko handiko piezak baitira.
Bestalde, apartamentu berri bat ere egitea aitzinikusia da, herriko etxeak dituen beste 12 bizitegiei gehitzeko. Herriko salaren gainean, eguzki-panelak ezartzea ere lantzen ari dira.
Sebastien Ihidoi auzapezaren hitzetan, “obra horiekin gure helburua Mendibe bizirik atxikitzea da.” Ondoko herriko bozei buruz galdeginik, kontseiluko kide gehienek segitzeko xedea dutela adierazi dute, auzapeza bera barne.