Banka, Aldude eta Urepeleko pilotari buruzko bigarren dokumentala estreinatuko dute azaroaren 29an Alduden berean. Nun habila Perkain lehen alearen ondotik, Mikel Erramouspék bigarren dokumentala bururatu du. XIX. mendea du hor aztertzen.
1834an zendu zen Perkain, baina Perkainekin bururatuko dea pilotaren historioa gain hartan? Hala zer duen abiapundua Mikel Erramouspék Banka, Aldude eta Urepeleren pilotaren historiari buruzko bigarren dokumentala huntan.
Lehen alean, Perkain pilotari famatuaren bizia estakurutzat hartu zuen, hiru herrien historioa aztertzeko frantses iraultza denboran. Aldi huntan, XIX. mendea aztertzen du: 1830etik 1914ra.
Pilotasoroen eta desafioen mendea
Nola ari ziren pilotan orduan? Eta nun? Lehen pilota plazak XIX. mende erditsukoak dira eta badakigu lehenago ere, herritarrak pilotan ari ziren: iturri anitzen arabera, pilotasoroetan. Jakes Casaubonek eta Pierre Sabalok gaia ongi jorratu zuten denboran (2003an publikatu zuten Euskal Pilotaren gogoa eta artzain jokoak liburua) baina Mikel Erramouspék Banka, Aldude eta Urepeleko herriak ditu zehazki aztertu.
Iturri desberdineri esker, dotzena bat pilotasoro zerrendatu ditu. Horien artean famatuena zen Esnazu gainekaldean den Garzela, Urepeleko lurretan, Xendarinea etxetik hurbil.
Pilotasoroetan biltzen zirela herritarrak, baina nola hartzeko? Iduri luke gaur egungo bote luzea jokoaren antzekoa zela XIX. mendeko pilota. Eta dokumentalean argi izan dadin, Mikel Erramouspék bota luzeko partida bat ere filmatu zuen iaz Alduden. Zaharrer Segi pilota batasunaren 100 urteen kari antolatu zuten ekitaldia, eta Ellande Alfaro saratarrak jokoaren ezaugarriak aurkeztu zituen.
Bota luze partida antolatu zuten Sorogainen Zaharrer Segiren 100 urteren kari. MIKEL ERRAMOUSPÉ
XIX. mende horretan dira ere lehen pilota plazak eraikitzen. 1856an Urruñan, 1860an Baigorrin edo 1853an Alduden. Historia horiek ere kondatzen ditu dokumentalak.
Mugaz gaindiko lehia
Banka, Aldude eta Urepeleko historia ez da ulertzen ahal, muga, Kintoa eta Baztan ez badira kondutan hartzen. Hala zer erran dauku Mikel Erramouspék. Jakin behar da XIX. mendean, lehia handia zela Baztango eta Aldudeko pilotarien artean.
Ikerketa historikoa
Informazio anitz biltzen ditu Perkainen haritik lanak, iturri frango atxeman baitituzte Mikel Erramouspék eta bere laguntzaileek. Herriko etxeetako artxiboak lehenik, dokumentu ofiziala batzuekilan. Hortik hasi eta beste dokumentu anitz atxeman dituzte. Mikel Erramouspéren erranetan, "sorpresaz sorpresa joan [ziren], hola biltzen onddoak bezala".
Argazkiak, margoak eta bideoak bildu dituzte, baita lekukotasunak ere. Horien artean baño azpimarratu dauku Erramouspék: San Frantziskon bizi guzian bizi izan den Frantxoa Bidaurreta, sortzez Ximunenea etxekoa. Erran behar da hura orroit dela bere haur denboran nun eta nola ari ziren pilotan.
Frantxoa Bidaurreta Garzelako pilotasoroaz mintzo. MIKEL ERRAMOUSPÉ
Bertsoak ere bildu dituzte Bankan, Alduden eta Urepelen. Xalbadorrek sekulan publikatu ez zituen batzuk, baita 1850 hamarkadako batzuk ere.
Sorpresaz sorpresa joan gira guhaur, hola biltzen onddoak bezala
Baina elementu batzuk behar izan dituzte urrunago xerkatu, ez baitzen tokian berean aztarna handirik. Gabriel Martiren bankarraren bizia ez zen adibidez batere ezaguna Bankan berean.
Autoekoizpena oinarri
Lan guzi horren eramateko, Mikel Erramouspé eta bere laguntzaileak ez dira pagatuak izan. Holako lan baten eginarazteko, sobera kosta zen Aldudarrak elkartearendako. Lehen alearendako bezala, autoekoizpena zuten hautatu.
Plazerra eta kuriositatea izan dira beren sariak. Anitz ikasi dute, bai historia mailan, baita teknika mailan ere, izan dadin filmatzeko maneran edo muntaketan. Mikel Erramouspék aitortu dauku: "okasione xarmanta dugu hola gure historia gureganatzeko, ez baitaukute sobera kondatu ere".
Bigarrena, baina ez azkena
Nun habila Perkain lehen alearen ondotik, Perkainen haritik bigarrena dute aurkeztuko azaroaren 29an Alduden. Baina ez da hori azken izanen.
Hasiak dira jadanik lekukotasunen biltzen hirugarren dokumentalarendako. XX. mendeari buruz izanen da, eta orduan sortu zen pilota elkartearen izena ukanen du: Perkainen itzalean.
Laugarren bat dute buruan ere: Perkainetik Perkainera. Gaur egungo transmisioaren gaia jorratuko dute azken ale horretan.
Iparralde guzian ikusgai
Lehen estreina Alduden berean eginen dute azaroaren 29an, baina ondotik eskuin ezker proiektatuko dute dokumentala.
Alduden azaroaren 29an, 15:30etan eta 18:00etan.
Larresoron azaroaren 30an,10:00etan.
Izturitzen abendoaren 5ean, Nun habila Perkain lehen alea, 20:00etan.
Baionako erakuts tokian, abendoaren 11an, 18:00etan.
Urepelen, abendoaren 21ean, 16:00etan.
Donibane Garazin, urtarrilaren 17an.