“Zuen oporrez mintzatu" solasaldia antolatzen du Donapaleuko herriak, inkesta enpresa batek eramanik, azaroaren 6an, ostegunez. Amikuztarren turismoari lotutako esperientziak bilduko dituzte. Donapaleuko turismo arloa nola hobetu ikasiko dute ere.
“Zuen oporrez mintzatu!” solasaldia antolatzen du Donapaleuko herriko etxeak, azaroaren 6an, ostegunez. Turismoari begira, Donapaleuko herriak zer hobetzen ahal duen jakiten lagunduko du inkesta horrek, baita ere amikuztarren usaien ezagutzen.
ADEM, trantsizio ekologikoa arduratzen den agentzia bat jin da Donapaleuko hautetsiengana, inkesta horretan parte hartzea proposatzeko. Horren kari, ID Tourisme deitutako enpresak tailer batzuen animatzera jinen da, nola eztabaidak, hala jokoak.
Inkesta horri esker, bi helburu bete nahi dituzte. Alde batetik, amikuztarren esperientziak eta ikuspundua bildu nahi dituzte, oporretan direlarik edo oporretara joan nahi dutelarik topatzen dituzten oztopoak edo zailtasunak zein diren jakiteko. Adibide gisa, haien usaiak, antolatzeko manerak, emeiak edo kezkak biltzeko asmotan ibiliko dira.
Beste aletik, informazio horien berreskuratzeak Donapaleuko turismo arloaren hobetzen edo egokitzen lagunduko du. Kontsumitzaileek zer xekatzen dutenaren arabera, herriko etxeak azpi egitura turistikoak hobetzen ahalko ditu, eta jakinen zer plantatzen ahal duten turisten esperientziaren ahal bezain ontsa izan dadin, herria eta bere herritarren errespetatuz.
Tresna horrek mugikortasunaren hobetzeko baliatuko dute, baina batez ere mugikortasun goxoa. Donapaleuko herriak ez badu erakusten arazo berezirik turismo arloarekiko, mugikortasun goxoa bultzatu nahi dute. Mugikortasun goxo hori, auto eta hegazkinetik kanpo egiten den mugikortasuna da, hots oinez, bizikletaz, edota partekatzen ahal diren garraioez. Kargualdiaren hastapenetik eta sei urtez, mugikortasun arduratsu horren garatzen entseatu dira: bizikleta ibilbideak, pista berdeak, edo azpi egitura zonbait sortuz adibidez.
Tailerra azaroaren 6an iraganen da, 17:00etatik goiti, Donapaleuko herriko etxeko gela berdean. Izen emaiteak 06 98 54 09 77 zenbakira deituz edo Intramuros sarean.