US Nafarroa eskubaloi taldeak 30 urte beteko ditu urriaren 25ean Baigorrin, ospakizun egunean 2015ean Frantziako Koparen irabaztearen 10. urtemuga oroituko dute. Egun horretan, klubeko jokalari, entrenatzaile, laguntzaile eta zaleak elkartuko dira.
1995ean, bost emaztek hartu zuten ausardia Baigorrin eskubaloi taldea sortzeko. Garai hartan ez zen errexa nesken kirol taldea osatzea, eta baliabide gutirekin abiatu ziren. Gerora taldea Garaziraino hedatu zen, eta Baigorri eskubaloia izatetik US Nafarroa Eskubaloia izatera pasa zen. Ordutik hona, kluba Akitania Berriko erreferente bihurtu da, eta gaur egun 325 lizentziadun eta 250 jokalari ditu, gehienak neska gazte eta emazteak.
Garapen eredugarria
30 urteotan, Nafarroa Eskubaloiak milaka haur, gazte eta heldu entrenatu ditu. Gaur egun, 13 taldetan banatuak dira jokalariak, eta eskubaloi eskola ere badute, etorkizuneko jokalarien trebatzeko.
Klubaren egitura sendoa da: Ana Gastellou, Lili Handy eta Maeva Ibañez dira gaur egungo ko-lehendakariak, eta haiekin batera lan egiten dute administrazio kontseiluak, bulegoak eta zortzi lan batzorde desberdinek. Entrenatzaile eta laguntzaile anitz inplikatuak dira eta elkarteak bi langile ditu gaur egun.
Etorkizunari begira: Baigorriko eskubaloi gela berria
Aspaldiko ametsa betetzear da: 2027an eskubaloi gela berria eraikiko dute Baigorrin, klubaren sorterrian. Instalazio berriak baldintza egokiak eskainiko dizkie jokalariei eta entrenatzaileei, gaur egun egiten duten moldean Donibane Garaziko Jai Alaian, Ortzaitzen edo Baigorriko ezker paretetan ibili beharrean.
Urriaren 25eko ospakizuna
Urtemuga berezi hau ospatzeko, besta gaua antolatu dute urriaren 25ean, 19:00etatik goiti, Baigorrin. Han jokalari, familiak, babesle eta laguntzaile guziak bilduko dira; jateko eta edateko izanen da, baita sorpresa batzuk eta musika ere, Brilili eta Alarma Morea taldeekin.