(Nafarroa)

Nafarroako Euskararen legearen 40. urtemuga salatzeko mobilizazioa iragarri dute

Euskal Herrian Euskaraz egiturak Izpegiko besten karietarat prentsaurreko bat egin du, Nafarroa Garaiko euskararen legearen 40. urtemugaren karietara. Abenduaren 15ean mobilizazio eguna eginen dute Nafarroa osoan.

Nafarroako Euskararen legearen 40. urtemuga salatzeko mobilizazioa iragarri dute
Izpegiko besten karietara Nafarroako Euskararen legearen 40. urtemuga salatzeko mobilizazioa iragarri dute. IRULEGIKO IRRATIA
Irulegiko Irratia
2026/09/20 08:54

Duela 40 urte onartu zen Nafarroa Garaiko euskararen legeak hiru eremu bereizten ditu euskararen aitortzari dagokionez. Iruñetik iparraldera euskara hizkuntza ofiziala da; Iruñerriaren inguruan eta Erribera aldean, aldiz, eremu mistoa deiturikoa da; gainerako lurraldeetan, berriz, beste izendapen bat ezartzen du legeak.

Euskal Herrian Euskaraz egituraren ustez, banaketa horrek euskaldunak zatitzen ditu eta hizkuntza eskubideak mugatzen. «Euskaldunok beti salatu dugu hori dela gure hizkuntza eta hizkuntza eskubideak zapaltzeko modu bat», azaldu du Garbiñe Elizegik. EHEk legea «bidegabe eta zapaltzailetzat» jotzen du, eta haren deuseztapena aldarrikatuko du. Horrez gain, Euskal Herri osoan euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna eskatu dute. Aldarrikapen horren harira, «Euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna, orain!» lelopean dinamika bat abiaraziko dutela iragarri dute.

Prentsaurrekoaren karietara, Nafarroa aldarrikatzen duen seinale bati «Nafarroa ez da hemen hasten», errana agertarazi dute. Nafarroa «osoa eta bakarra» dela oroitaraztea garrantzitsua dela azpimarratu dute, eta gaur egungo mugak ere salatu nahi izan dituzte.

Abenduaren 15ean mobilizazioa

Euskal Herrian Euskaraz egiturak iragarri du abenduaren 15ean mobilizazio eguna eginen dutela Nafarroa osoan. Data horrekin, euskararen legearen ondotik 40 urte betetzen direla baliatu nahi dute aldarrikapenak plazaratzeko. «Nafarroa osoan emateko mobilizazio eguna» izanen dela adierazi dute. Ondoko asteetan zehaztuko dituzte mobilizazioaren inguruko xehetasunak.

Mobilizazioa ez da soilik Nafarroara mugatu nahi. Euskal Herri osoan data hori baliatu nahi dute euskararen aldeko «nazio mailako aldarrikapen bat» egiteko. Hala, EHEk euskaltzaleak mobilizatzera deituko ditu abenduaren 15ean, euskararen ofizialtasuna eta lehentasuna aldarrikatzeko.

Interesgarri izanen zaizu