Azken ehun urteetan sukaldaritza biziki aldatu da. Garai desberdin horiek hobeki ulertzeko, Donibane Garaziko Navarre lizeoko sukaldari saileko ikasleek azken mendeko sukaldaritzaren bilakaera lantzen hasi dira.
Horretarako, lizeoko ostatua garai bakoitzari egokituz apaindu dute, menua ere garaiko moldean prestatu, eta orduko sukaldatzeko tresnak baliatu dituzte.
1920ko hamarkadako sukaldaritza berriz biziaraziz
Landu duten lehen garaia 1920ko hamarkada izan da, urte eroen garaia deitua. Lizeoko ostatura hurbildu direnak garai hartara murgilarazteko, Lokala Garazi-Baigorriko birziklategiarekin partaidetzan, garaiko objektu eta tresna zaharrak bildu dituzte. Horien artean bazen eskuz ibilarazten den irabiagailu bat ere, ikasleek entseatu dutena.
Ortzaizeko Elaia Hervé eta Izturitzeko Gabi Etxarte ikasleek azaldu dutenez, maionesa edo esne gain harrotua egiteko denbora eta indar gehiago behar ziren lehen.
Sukaldatzeko eta xerbitxatzeko manera desberdinak
Tresnez gain, baxeretan ere aldaketa handiak ikusi dituzte ikasleek. Gaur egun gehienetan baxera xuri eta neutroak erabiltzen badira ere, lehen dekorazio gehiago bazuten.
Xerbitxatzeko moldeak ere ez ziren gaur egungoak bezalakoak: gaur egun platerak azietan xerbitxatzen dira gehienetan, baina lehen plat handi bat ezartzen zen mahaiaren erdian, eta bakotxak nahi zuena hartzen zuen.
Teknikoki zailak ziren platerak
Egun hartan hainbat plater prestatu zituzten: patea hostorean, mihi arraina eta kalla edo galeperra. Plater horiek egiteko teknika bereziak landu behar izan zituzten ikasleek. Adibidez, kallari hezur guziak kentzea, azala hunki gabe.
Ikasleentzat esperientzia aberasgarria izan da, eta ostatura joan diren bezeroek ere biziki ontsa jan dutela erran dute.
Ondoko geldialdia: 1950eko hamarkada
Orain, 1950eko hamarkada lantzen hasiko dira Navarre lizeoko ikasleak. Garai hartan agertu ziren, besteak beste, hozkailuak eta labe elektrikoak. Tresna berriek produktu gehiago kontserbatzeko parada eman zuten, eta sukaldaritzaren bilakaeran urrats handia izan ziren.