Amikuzeko mediatekak hiru eguneko ikastaro berezia proposatuko du apirilaren 15ean, 17an eta 24an, 12-17 urte arteko nerabeei: irudiaren gaineko hezkuntza-ikastaroa. Hiru egunez filma ttipi bat muntatuko dute Tamara Vittoz gidoilariaren laguntzaz.
Amikuzeko mediatekan filma ttipi baten muntatzeko parada ukanen dute hala nahi duten 12 eta 17 urte arteko nerabeek. Apirilaren 15ean, 17an eta 24an izanen da: lehen bi egunetan Tamara Vittoz gidoilariaren laguntzaz filma muntatuko dute, istorio bat kontatzen jakin, eta azkenekoan, muntatua izanen duten filma publikoari erakutsiko diote.
Berez, nerabeek garrantzitsua zaien edo izan zaien toki bat grabatuko dute, eta hortik da abiatuko muntatuko duten filma.
Eraman beharko duten bakarra smartphone bat da, sekulan ez balute, aski da mediatekarat deitzea eta aterabidea atzemanen dute. Bestalde, urririk bada ere, izena eman beharra da mailez edo harat deituz.