Gabadi (Baxe Nafarroa)

Nouste Ekilili kooperatibak kide berriak behar ditu bezeroen galderer erantzuteko

Gabadin plantatua da Ipar Euskal Herrian koltza eta eki lore oligo ekoizten duen kooperatiba bakarra. Duela hogei urte sorturik, gaur egun erreserbak apalean dira, hainbat sasoin txarrengatik. Eskaerer erantzuteko, ekoizle berriak xekatzen dituzte.

Nouste Ekilili kooperatibak kide berriak behar ditu bezeroen galderer erantzuteko
Pettan Brebende Nouste Ekilili kooperatibako kidea da. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2026/04/02 09:27

Gabadin plantatua da Ipar Euskal Herrian oligo begetala ekoizten duen kooperatiba bakarra. Biarno eta Euskal Herriko hamabost bat laborarik batzen ditu eki lore eta kolza oligoa sortzeko. Historikoki, duela 20 urte sortu zuten kooperatiba hainbat laborarik, lekuan lekuko proteinak sortzeko eki lorearen bidez. Alabaina, denbora pasatu arau, ekoizpena aniztu da, eta gaur egun, kabaler emaiteko bazka hornitzeaz gain, elikadurarako kolza eta eki lore oligoa ere proposatzen dute.

 

Dudarik gabe, jadanik gurutzatua ukan duzue ber etiketa grisa zuen auzoko dendako taulatan. Hainbat salmenta gunetan atxemaiten ahal dira haien boteilak edo bost litroko bidoinak, baita sukaldaritza egitura publikoetan ere. Izan ere, abantaila paregabekoa dute kideek. Ipar Euskal Herrian oligoa saltzen duen kooperatiba bakarra da, -nahiz eta laborari batzuek haien aldetik ekoiztu-, bi mota desberdinekin: alde batetik laborantxa biologikoa errespetatzen duena, eta beste aldetik, konbentzionala.


Neguan koltza, udan eki lorea: bakoitzaren izarian

Laborari bakoitzak koltza, eki lorea, edo biak ereintzen ahal ditu. Hain zuzen, lehena neguan ekoizten da, bigarrena udan. Hori dela eta, ber laborariek biak ereintzen eta biltzen ahal dituzte zailtasun handirik topatu gabe. Behin bilduta, laborari bakoitzak bere bihia tinkatzen du, kooperatibak uzten duen materialari esker. Tinkatu eta gero, oligoa kooperatibari saltzen dakote, eta taldeak du boteilean ezartzen, banatzen, eta salmenta bermatzen. Horren bururatzeko, kide bakoitzak hainbeste oren segurtatzen ditu Gabadiko lan tokian.

 


Ekoizpena eta salmentaren garatzeko bidean...

Iaz obra inportanteak burutu zituzten lan tresna hobetzeko, eta eraginkorragoa izaiteko. Horren ondotik, joan den abenduan berriz tinkatzen hasi ziren, bezeroer kalitate handiagoa proposatuz, eta laborarier errentagarritasun handiagoa. Baina tresna berri horrek gehiago trinkatzera ahalbidetzen du. Horrez gain, hainbat faktorek dute Nouste Ekililiren ekoizpena apaldu azken urte horietan.

Lehenik, ekoizle historiko batzuk erretretan sartu ziren, taldearen lerroan hertsituz. Hori gutti balitz, azken urte horietako uztak txarrak izan ziren eta eskaerer erantzuteko zailtasunak topatzen dituzte laborariek. Izan ere, aroak errendimendu apalak eragin zituen, eta gaur egun erreserba ezin apalagoa egoiten da. Bezeroen galderer erantzuteko, tresnak errentagarri bihurtzeko eta salmenta garatzeko asmotan, laborari berriak sarrarazi nahi dituzte, eta deialdia luzatzen diete interesatuak diren guzier.

Interesgarri izanen zaizu