Baigorri (Baxe Nafarroa)

Oilandoiko kapera, mahastien babesteko eraikia

1706an eraiki zuten Oilandoiko kapera, Baigorri ibarreko mahastiak harri-erauntsietatik babesteko. Aurten, auzolanean, berritze lanak egin dituzte 933 metroko kaskoan den baselizan.

Oilandoiko kapera, mahastien babesteko eraikia
Peio Kurrutxarri Baigorriarrak kaperari loturiko anekdota ainitz kondatu dauzkigu. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/08/26 12:53

Baigorri ibarreko leku ainitzetarik ikus daiteke Oilandoi, 933 metrotan. Kaskoan den kapera 1706an eraiki zuten, aurreko bi urteetan harri-erauntsiek mahastiak xehatu ondotik. Orduko sinesmenaren arabera, Jainkoaren kolera zen kalteen arrazoia, eta hori eztitzeko baseliza eraikitzea erabaki zuten. Aurten, kapera berriz tindatu eta haren azpiko arrokak eta fundazioak azkartu dituzte, auzolanean.

Ezkilen indarra

Lehen eraikuntzan, kaperak bizitegia ere bazuen. Apez bat bost hilabetez egoiten zen mendian, buruiletik maiatzera, otoitzean eta zerua zaintzen. Harri-odei beltzak hurbiltzean, ezkilak jotzen zituen, eta ezkilen dardarek hodeiak barreatzen zituztela sinesten zen. Apezak mendian egon behar zuen, herrira jeitsi gabe. Diozesak apez gazteak ere gogotik igortzen zituen Oilandoira, nolazpait «zigortuak» bezala.

Hala ere, batzuek herrira jeusten segitzen zuten herritarrekin solastatzera. Peio Kurutxarri baigorriarrak kondatutako anekdota batean, apez bat musean ari zen herriko lagunekin, hodei beltzak agertu zirelarik. Berehala lasterka abiatu zen Oilandoira, ezkilak jotzera. Han egon zen azken apeza Baigorri Matxinekoa izan zen.

Iraultzaren ondotik, kapera utzia

1789ko Frantses Iraultzaren ondotik, apezik ez zuten gehiago Oilandoira igorri, eta prozesioak ere gelditu ziren. Mende bat berantago, baseliza arrunt utzia zen eta osoki lurrerat erori zen. 1942an berriz eraikitzea erabaki zuten. Eraikuntza xumea egin zuten orduan: hiru murru eta teilatu bat. Hori da, funtsean, gaur egun ezagutzen den kapera.

Aurten egin dituzten lanek eraikina berriztatu dute. Kapera tindatu dute eta azpiko arrokak eta fundazioak azkartu, auzolanean. Gaur egun, prozesioa urtean behin egiten da. Bestalde, Oilandoira igaiten diren gehienak ibiltari eta mendizaleak dira, kaskotik inguruko paisaia zabala ikusten baita. Auto-biderik ez da kaperaraino. «Mendiko zapatak janztea» da, beraz, hara heltzeko manera bakarra.

Interesgarri izanen zaizu