Ortzaize (Baxe Nafarroa)

Ortzaizeko Kulturaldiak urriko asteburuak kulturaz beteko ditu

Urzaiz elkarteak laugarren aldikoz antolatu du Kulturaldia, eta urriko asteburu guziez kultur hitzorduak proposatuko ditu Ortzaizen. Bertsoa, antzerkia, kantua, zinema, musika eta umorea izanen dira egitarauan.

Ortzaizeko Kulturaldiak urriko asteburuak kulturaz beteko ditu
Urzaiz elkarteko Maialen Zuburu, Peio Daxager eta Xantxo Lekunberri. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/09/30 20:09

Urzaiz elkarteak laugarren Kulturaldia antolatu du Ortzaizen. Urriko asteburu guzietan izanen dira hitzorduak, adin eta gustu guzientzat. Elkartea duela lau urte sortu zen, Ortzaizeko kabalkadarekin batera, eta geroztik euskarari eta euskal kulturari lehentasuna emanez kultur eskaintza osatzen du herrian.

Bertso afaritik antzerkiraino

Lehen hitzordua urriaren 2an izanen da, bertso afari batekin. Elixabet Etxandi eta Miren Artetxe bertsolariak ariko dira bertsotan. Afarirako izenak emaiteko, 06 78 84 10 20 telefonora deitu beharko da.

Urriaren 10ean, antzerkiak hartuko du lekua. Infinitudrama konpainiak ‘Promesarik txikiena’ aurkeztuko du, Goikoetxea poterian, 20:00etan. Adiskidetasuna, promesak eta oroitzapenak ditu ardatz obrak. Lau antzezle izanen dira taula gainean, tartean Maiena Etxeberri Keufterian, Amikuzeko antzerkilaria. Paxkal Irigoien kantuz ariko da ikusgarrian, eta Julen eta Ellande Etxeberrik ere parte hartuko dute, musika kolaboratzaile gisa.

Ondotik, urriaren 17an, kantuari zaio lekua utziko. Ortzaizeko kantariek eta Elgarrekin taldeak kantaldi bat eskainiko dute herriko elizan, 20:30tan.

Haurrentzat ere hitzordu bat

Kulturaldiak haurrak ere gogoan ditu. Urriaren 28an, ‘Azur eta Asmar’ marrazki biziduna emanen dute Arrosategian, 16:00etan.

Urriko azken astebururako ere hainbat hitzordu prestatu ditu Urzaiz elkarteak. Urriaren 30ean, Atarrats, Alos Quartet eta Martzelina, Oihan Indart, izanen dira Goikoetxea poterian. Biharamunean urriaren 31n, umoreak hartuko du lekua. Imanol Epeldek ‘Zerbait sartu zait begian’ aurkeztuko du, eta Maryse Urrutik ‘Adriene Bergson Jhonson’ lana eskainiko du. Egitarau osoa, sartzeak eta hitzordu bakoitzaren xehetasunak ortzaizekokulturaldia.eus webgunean aurki daitezke.

Interesgarri izanen zaizu