Duela hilabete batzuk sortu zen Xarbota izeneko taldea, Menta liburu dendan ohiko bisita egiten zuten hamar bat lagunen artean.
Talde honen helburu nagusia Charlotte liburu-dendaria laguntzea da, ekitaldiak antolatuz. Menta ez da bakarrik liburu-denda bat; topagune bat da herrian: kafe edo trago bat hartzeko leku, eta goxoki baten inguruan solasean aritzeko parada eskaintzen du.
Orain arte, Menta dendak ainitz ekitaldi antolatu ditu: kontzertuak, joko-gaualdiak, liburu-aurkezpenak, eskulan-atelierrak, film-hedapenak… Xarbota elkarteko Amaia Costa eta Elixa Vilain-ek adierazi dutenez, oraindik ideia franko dituzte etorkizuneko jardueretarako.
Ondoko ekimenetako bat “emazteak arlo desberdinetan” izeneko egitasmoa izanen da, eta hiru hilabetero mintzaldi bat antolatzea pentsatzen dute. Horretarako, lehen atala hautatu dute: “emazteak bertsularitzan”, eta mintzaldia heldu den maiatzeko finkatua litaike.
Elkartearen izenaren jatorriaz galdeginik, honakoa adierazi dute: “Menta senda belar bat izanki, beste senda belar bati pentsatu ginuen: Xarbota. Izena ezin hobea da gure saldaren hobetzeko ere!”