Ortzaize (Baxe Nafarroa)

Ortzaizeko Murgia etxaldea EH Kolektiboan: hautu argia Elorri Aizager laborariarentzat

Momentu huntan, EH Kolektiboko kideek etxalde-bisitak antolatzen dituzte sareko laborarien lana hobeki ezagutzeko. Nafarroako etxaldeen itzulia egin ondotik, 53 etxalde bisitatzen ari dira, horien artean Ortzaizeko Murgia etxaldea.

Ortzaizeko Murgia etxaldea EH Kolektiboan: hautu argia Elorri Aizager laborariarentzat
EH Kolektibokoak Ortzaizen Murgia etxaldean. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2025/12/19 10:48

EH Kolektiboa Euskal Herri mailako sarea da, laborariak eta kontsumitzaileak biltzen dituena. Helburu nagusia argia da: guzientzat elikadura osasuntsu eta eskuragarria garatzea, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanak indartuz.

Ardiak, ahuntzak eta gasna Ortzaize Murgian

Elorri Aizager duela bost urte plantatu zen Ortzaizeko Murgia etxaldean, bere aitaren segida hartuz. Ardi buru beltzak hazten ditu, eta plantatzean ahuntz pirenaikoak ere gehitu zituen. Ardi zein ahuntzen esne guzia gasnatzen du.

Bortuko ardi eta ahuntz gasna tomak ekoizten ditu, gasnatzea Altzürüküko etxolan eginez eta gasnak Zalgizen ontzen utziz.

Kalitatearen aldeko hautua

Etxaldearen ardura hartu zuelarik, Elorri Aizagerrek argi zuen Bio eta Idoki labelak atxiki nahi zituela, bai etxeko ekoizpena babesteko, bai beste laborariekin batera aitzina egiteko. Kalitatezko ekoizpena eta kolektiboki lan egitea dira haren oinarriak.

Plantatu bezain laster, EH Kolektiboan sartu zen ere, Euskal Herri osoko laborariekin eta kontsumitzaileekin saretu nahian: «Bat egiten dut egitasmo horrekin; eztabaidak biziki interesgarriak dira, bai laborarien artean, bai kontsumitzaileekin. Biziki aberasgarria da», azaldu du.

Laborarien erronkak, egunero presente

Bost urte daramatza Elorri Aizagerrek laborari gisa, eta aitortzen du bidea ez dela beti erraxa. Hala ere, argi du laborarien egitekoa funtsezkoa dela elikadura osasuntsu eta eskuragarria bermatzeko: «Elikadura gure osasuna da, eta gaur egun gehiegi baztertu dugu. Laborari izatea baitezpadakoa da; gehiago beharko lirateke. Eritasunak, zailtasun ekonomikoak, menpekotasunak… erronka handiak dira. Baina Euskal Herrian gira, badugu berezitasun bat, eta hori ongi baliatuz, lortzen ahal dugu».

Interesgarri izanen zaizu