Memento huntan EH kolektibokoek etxaldeen bisitak egiten dituzte. Sare horren baitan diren Nafarroako etxaldeen itzulia egin ondotik beraz, orai 53 etxaldeen bisitak egiten ari dira. Eta horietan Ortzaizeko Murgia etxaldearena.
EH kolektiboa Euskal herri mailakoa da, eta bertan laborari eta kontsumitzaileak aurkitzen dira; EHko-ren helburua da guzientzat elikadura osasuntsu eta eskuragarria proposatzea.
Ortzaize Murgian ardiak, ahuntzak eta gasna
Elorri Aizager da plantatua Murgian. Bere aitaren segida hartu zuen duela 5 urte. Ardi buru beltzak ditu, eta ahuntz pirenaikoak gehitu zituen instalazioan. Ardi eta ahuntz esne guzia gasnatzen du. Bortuko ardi eta ahuntz gasna tomak ekoizten ditu, gasnatzea Altzüküko etxolan egiten duelarik, eta gasnak Zalgizen ondu arazten ditu.
Murgiako ekoizpenak kalitateko ezautgarriekin
Etxaldearen segida hartu zuelarik Elorri Aizager-ek, argi zuen Bio eta Idoki labelak atxiki behar zituela; etxe ekoizpenak babesteko, baita ere beste laborariekin batean aitzina eremaiteko.
Eta instalatu bezain laster, EH kolektiboan ere sartu zen Elorri, Euskal Herri guziko laborariekin baita ere kontsumitzaileekin saretzeko: “bat egiten dut egitasmo horrekin, eztabaida biziki interesgarriak dira, bai laborari, baita kontsumitzaileekin, biziki aberasgarria da”.
Laborarien nekeziak denetan entzuten dira...
5 urte instalatua dela Elorri Aizager. Eta 5 urteren buruan, bidea ez dela errexa aitortzen du; bainan arras argi du elikadura osasuntsu eta eskuragarria proposatzeko dela laborari: “Elikadura gure osasuna da, eta gaur egun ainitz baztertu dugu. Laborari izaitea iduritzen zaut baitezpadakoa dela, behar litaizke oraino gehiago. Eritasun, zailtasun ekonomiko, menpekotasun.... horiek denak ez dira errexak, erronka handiak dira. Bainan Euskal Herrian gira, badugu berezitasun bat, eta hori untsa baliatuz lortzen ahal dugu”.