Otsaileko ostegunak lau dira, alta, Zabalik elkarteak ez zuen horiekin aski, hala, hitzordu bat gehitu diote haien egitarauari: urtarrilaren 29koa.
Bortz hitzordu proposatzen ditu Otsail Ostegunak aurten, Zabalik elkarteak antolaturik. Otsailak lau ortzegun baizik ez baititu, urtarrilaren 29an finkatua dute lehenbiziko hitordua: Sorgina banaiz dokumentala ikusgai izanen da, ondotik, Asisko Urmeneta zuzendariaren solasaldia. XVI.mendeko inkisizioa du aipagai filmak, deseraikitzen du sorginaren figura figuratiboa eta literala. Aezkoatik abiatu zen giza-sarraskiaz mintzo da, nazioartean kokatuz botere-lehia hori. Funtsean, botere zentralendako lanjerosak ziren jendeen hilketa izan zen, herri baten zanpaketa.
Bigarrenik, Joseba Sarrionaindia idazleak kolonizazioa, postkolonizazioa eta poskolonialismoa aipatuko ditu, otsailaren 5ean. Kontzeptuez gogoeta eginen du, herri eta hizkuntza minorizatuaren ikuspegitik. Idazlearen ikuspegitik literaturak zer egiteko duen ere erkutsiko du.
Hirugarren hitzordurako Pauline Guelle zuzenbide doktorea gomitatu dute, otsaileren 12an. Mendebaldeko estatuetan tortura inpunitate osoaz nola baliatu duten ikertu du eta horren berri emanen du; nola tortura arma gisa baliatu duten. Lana, bereziki Euskal Herrian du kokatu, 1936tik 2022a arte, 5000 tortura-kasu baino gehiago zenbatu baitituzte.
Antolatzeaileen hitzetan, hitzordu horien xedea da konprenitzeko oraingo eguneko estatuen logikak nola martxan diren, orduan sorgin deitzen zirenak, gero terroristak deitu izan direla eta eko-terroristak...
Ondoko ortzeguna Lurdes Iriondoz mintzatuko da, 60ko hamarkadako euskal kantagintzako abiarazleetako bat izan zen, garaiko izar bat izan zen, Ez dok Amairu taldearen akuilatzailea ere izan zena. Amiñi bat ahantzia izan den pertsonaia hori Leire eta Intza Casamayouk ekarriko dute berriz ere erdigunerat, hartaz idatzi baitute pastorala.
Bururatzeko, Iker Elosegi naturalista Euskal Herriko ekosistemaz mintzatuko da, jalgi baitu gida bat horretaz.
Jakin, hitzordu guziak 20:30etan finkatuak direla, Donapaleuko Touza etxean. Txapela ere pasako dute, Zabalik elkartearen gastuei aitzi egin ahal izateko.