Larzabale-Arroze-Zibitze (Baxe Nafarroa)

Oztibar Trail: biltzea eta laguntzea helmuga gisa

Manex Erdozaintzi Etxart kolegioak (MEEK) eta Oztibarreko Pottokak elkarteak Oztibar Trail sortu dute. Ekainaren 21ean iraganen da lehen edizioa, eta Integrazio Batzordearen aldeko diru-bilketa izanen du xede. Izen-emaitak otsailaren 7an idekiko dira

Oztibar Trail: biltzea eta laguntzea helmuga gisa
Manex Erdozainzi Etxart kolegioko ikasleek eta irakasleek Oztibar Traila aurkeztu daukute. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2026/02/06 14:21

Azken urteotan, mendiko lasterketek arrakasta handia hartu dute Euskal Herriko eskualde guzietan. Oztibarrek, bere aldetik, ez zuen orain arte halako hitzordurik ezagutu. Hutsune hori betetzera heldu da Oztibar Trail, lehen aldiz aurten antolatua.

Proiektua Manex Erdozaintzi Etxart kolegioaren eta Oztibarreko Pottokak elkartearen arteko elkarlanetik sortu da. Helburua argia da: ekitaldi herrikoi baten bidez, Oztibarreko aktoreak biltzea eta Integrazio Batzordearen lana sostengatzea, zailtasunak dituzten haurren laguntzeko.

Diru-bilketa eta elkartzea ardatz

Integrazio Batzordeak egunerokoan laguntzen ditu ikasle batzuk, egokitzapen pedagogikoak eta laguntza pertsonalizatua bermatzeko. Hezkuntza Nazionalak parte bat bere gain hartzen badu ere, finantzaketa ez da aski, eta diru-bilketa beharrezkoa da.

Testuinguru horretan kokatzen da Oztibar Trail. Antolatzaileen arabera, ekitaldiaren helburu nagusietako bat lurraldeko indarrak biltzea da: herritarrak, gurasoak, laborariak, elkarteak eta ikasleak proiektu komun baten inguruan elkartzea.

Ikasleek ere parte hartze aktiboa ukanen dute, animazioetan, antolaketan eta komunikazioan. Iban Onnainty MEEKeko kirol irakasle eta Oztibar Traileko antolatzaileak azpimarratu duenez, halako ekitaldi batean parte hartzea «hezitzailea da ikasleentzat, bai giza aldetik, bai kolektiboaren zentzua garatzeko».

Bi ibilbide, kolegioaren historiari lotuak

Bi ibilbide proposatuko dituzte antolatzaileek. Lehenengoa, “Luzea”, 30 kilometrokoa da, 2.000 metroko desnibel positiboarekin. Donaixtiko kolegio zaharretik abiatuko da, eta Larzabaleko kolegio berrian bururatuko, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioaren bilakaera sinbolizatuz. Bidean, hiru tontor gainditu beharko dituzte parte-hartzaileek: Beltxu (1.130 m), Nethe (748 m) eta Orgamendi (642 m).

Bigarren ibilbidea, “Laburra”, 15 kilometrokoa da, 750 metroko desnibelarekin. Larzabaletik abiatu eta Larzabalen bukatuko da. Horrez gain, oinez egiteko aukera ere proposatuko dute, publiko zabalago bati idekia.

Kirolaz harago, besta eguna

Oztibar Trail ez da lasterketa hutsa izanen. Ekainaren 21ean, Larzabaleko kolegioaren inguruan besta giroa aurreikusten dute antolatzaileek: jateko eta edateko eskaintzak, baita ikasleek prestatutako animazioak ere, kirolariak zein ikusleak biltzeko.

Antolaketan parte hartu nahi dutenek oztibar.trail@gmail.com helbidera jo dezakete. Bestalde, lasterketetan parte hartzeko izen-emaitak otsailaren 7tik aitzina idekiko dira, eguerditik goiti, pyrénéeschronos.fr webgunean. “Laburrean” 200 leku izanen dira, eta “Luzean” 300.

Interesgarri izanen zaizu