Iholdi (Baxe Nafarroa)

Oztibarren trinketa baten proiektua berriz mahai gainean

Iholdi-Oztibarreko hautetsiak buruilaren 14an bildu dira, eta Oztibarren trinketa baten ukaiteko beharra berriz ere aipatu dute. Larzabaleko Olharan trinketa salgai denez, Elkargoak eraikinaren egoera eta egin beharreko obrak aztertuko ditu.

Oztibarren trinketa baten proiektua berriz mahai gainean
Beñat Cachenault Iholdi oztibarre lurralde eremuko hautetsi animatzailea. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/09/21 16:23

Oztibarren kirol azpiegitura baten beharra aspaldikoa da. Larzabaleko Olharan trinketa salgai ezarria denez, aukera hori aztertzea erabaki dute Iholdi-Oztibarreko lurralde eremuko hautetsiek. Euskal Hirigune Elkargoak ikerketa bat eginen du, trinketaren egoera eta beharrezko obrak neurtzeko.

Azterketak, besteak beste, trinketa gaur egungo arauetara egokitzea eta aparkalekuen antolaketa hartuko ditu kondutan. Emaitzen arabera erabakiko da Olharan trinketa zaharberritzea komeni den ala beste trinketa berri baten eraikitzea.

Erreken bazterrak ere antolatzekoak

Bilkurako beste gai nagusietako bat lurraldeko erreken bazterren antolaketa izan da, Natura 2000 dispositiboaren baitan. Badu hamar bat urte ez dela deus egin Lapiotze eta huntarat isurtzen diren erreken inguruan. Beharrak aztertuko dituzte lehenik. Ondotik, egin beharreko lanetarako dirulaguntza dosierrak prestatuko dituzte. Aipatzen diren lanen artean dira, besteak beste, kabalen edan guneak ezartzea eta hesiak landatzea.

Herrietako zubiak eta kantinak

Lurraldeko hainbat herritako zubien egoera ere aipatu da. Zubi batzuk egoera txarrean direla oroitarazi dute. Frantzia mailan zubiak konpontzeko programa berezi bat martxan da. Horren bidez, herriko etxeek zubiak arrañatzeko gastuen %60rainoko dirulaguntza erdiesten ahal dute.

Azkenik, eskola eta kolektibitateendako kantinen egoera hobeki ezagutzeko ikerketa bat bultzatuko dute hautetsiek. Apairuak nork hornitzen dituen, zer preziotan eskaintzen diren eta lehengaiak nondik heldu diren aztertuko da.

Interesgarri izanen zaizu