Isabelle eta Franck Vialle artisten obrak ikusgai dira Baigorriko Urdozeko kaperan, irailaren 6a arte. Margolanen eta altzairuzko zizelkaduren bidez, naturari eta paisaiari buruzko begirada artistiko bat proposatzen dute bi sortzaileek.
Baigorriko Urdozeko kaperan, Isabelle eta Franck Vialleren obrek hartu dute lekua. Basusarrin bizi den margolariak azken urteetan inguruko mendietako ibilaldietan aurkitu du inspirazioa; Franck Viallek, aldiz, landaredia du bere sorkuntzaren ardatz nagusietarik. Bi artistek naturari behatzeko pasio bera partekatzen dute.
Isabelle Viallek ibilbide oparoa du, Euskal Herrian, Frantziako Estatuan eta Grezian erakusketak eta sariak bildu baititu. Lehenago, giza gorputza zen bere lanen gai nagusia. Naturako paisaietara hurbildu zen naturako elementuak ere gizakiaz mintzo zirela ohartu ondotik. Franck Vialleren altzairuzko zizelkadurak ere naturaren behaketatik sortuak dira.
Lehen agerraldian 80 lagun bildu zituen erakusketak. Azken bisitak irailaren 6a arte egin daitezke, ostiral, larunbat eta igande arratsaldez, 14:00etatik 19:00etara.