Baigorri (Baxe Nafarroa)

Pays Basque Au Cœur-en erronka berria: euskara ikastea AEK-rekin, kultur karteri esker

Pays Basque Au Coeur (PBAC) egiturak kultur kartak baliatzeko parada emanen du AEK-ko euskara ikastaroak ordaintzeko. Ekimen berria egituraren biltzar nagusian onartu dute, beste lan ardatz batzuekin batera.

Pays Basque Au Cœur-en erronka berria: euskara ikastea AEK-rekin, kultur karteri esker
Baigoptique saltegiko Florence Etxenike, orai arteko presidenta. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/11/04 15:57

450 bat komertzio, artisau eta ekoizle biltzen ditu gaur egun Pays Basque Au Cœur sareak. Garazi, Baigorri, Xiberoa, Errobi, Xarnegu eta Hazparneko lurraldeetan hedatzen da, eta gero eta gehiago dira tokiko xekeak edo kultur kartak onartzen dituzten saltegi eta egiturak.

Biltzar nagusian onartu erronka berrien artean, AEK-rekin abiatuko duten elkarlana da aipagarrienetarik bat. Hemendik aitzina, PBACeko kultur kartak euskara ikastaroak ordaintzeko baliatzen ahalko dira. Hala, enpresa batek bere langile bati kultur karta eskaini ahalko dio, euskara ikas dezan.

Barnealdeko ekonomian, 1,372 milioi euro

Biltzar nagusia joan den urteko emaitzen bilduma eginez hasi dute. PBACek beste urte batez bere marka hautsi du: orotara, 1,372 milioi euro sartu ditu Ipar Euskal Herriko barnealdeko ekonomian, Pays Basque au Cœur xekeen eta kartei esker.

Urtez urte garatzen ari da egitura, bai merkatari eta elkarteen sarearen aldetik, bai kultur txartelak baliatzen dituzten herritarren aldetik.

Merkatari eta artisau elkarteei laguntza

Biltzar nagusian beste lan ardatz bat ere finkatu dute: tokian tokiko merkatari eta artisauen elkarteekin elkarlana indartzea.

Elkarte horiek gero eta zailtasun handiagoak dituzte beren egitasmoak aitzina eramateko, laguntzaile eskasagatik. Egoera horri erantzuteko, PBACek erabaki du artetan laguntza ekartzea. Besteak beste, hamabostaldi berezietan eta urte hastapeneko kotizazio bilketetan ariko da elkarte horien sostenguan.

Gobernantza berria eta hamar urteko urteburua

Biltzar nagusiak gobernantza molde berri bat ere onartu du. Orain arte lehendakari izan den Florence Etxenikek, Baigoptique luneta saltegikoak, kargua uztea erabaki du. Lehendakaritzaren ardura pertsona bakar baten gain gehiegizko zama bilakatu dela ikusirik hartu du erabakia. Horren ordez, bost komisio osatuko dituzte egituraren gidaritza bermatzeko. Komisio bakoitza langile batek eta laguntzaile batek eramanen dute.

Azkenik, heldu den urteari begira jarriak dira PBACeko kideak. Egiturak hamar urte beteko ditu, eta urteburua ospatzeko moldeak aztertzen hasiak dira. Besteak beste, Pays Basque Au Cœur egiturak irudi grafiko berria ukanen du.

Interesgarri izanen zaizu