Donapaleuko herriko etxeko kontseilua bildu da, Hiri Elkargoarekin batean, hainbat obra abiatzekotan dira; hala nola, haurtzaindegia handitzeko, aisialdi-zentroa eta musika-eskola berritzeko. Bestalde, Pettan Aizager buru duen zerrenda prest da.
Herriko kontseiluko 2026ko lehen bilkura egin dute Donapaleun. Usaian bezala, Monika Legarto hautetsiak bilduma egin dauku. Bazen zer aipa, konparazione, aitzinkontua bozkatu aitzin, beharrezkoa omen da lantegiei laurdena ordaintzea, hori bozkatu dute.
Aipatu duten lehen gaia herriko etxeak dituen auzien gainekoa izan da, 250.000 euroko kontu bat dute erreserban, eta deliberatu dute 2026. urterako 50.000 euro gehiago ezartzea.
Hiri Elkagoari dagokiolarik, 3-12 urte arteko haurrendako aisialdi-zentroarendako 3 milioi euroko obrak eginen dituzte. Hiri Elkargoak, CAFak, Amikuzeko herriek eta Donapaleuko herriko etxeak parte hartuko dute. Musika-eskolaren obrek, berriz, kasik bi miolioi balioko dute. Haurtzaindegia ere berrituko eta handiko dute.
Landu duten beste gai izan da Zalditokiko hartzaile berriak atzemanak dituztela, aitzinekoek erretreta hartu baitute. Jin berriekin tratua adostua du herriko etxeak, 45.000 m2 horien balia ditzaten, trukean 240€/hilabetean ordaindu beharko dute eta gunea mantendu. Hitzarmenak zortzi urtez iraunen du.
Essor cycliste basque txirrindula lasterketak Donapaleu zeharkatuko du otsailaren 6an, kari horretara, 2800 euroko diru-laguntza emanen dio herriko etxeak.
Arrunt bestalde, estatuko diruzaintzak hala beharturik, hilerriak bere banku-kontua behar du, hala, horren ireki ahal izateko baimena bozkatu dute.
Segituz, azpimarratzekoa da ere, Donapaleuko herriko etxeko kontuek ez dutela neholako arazorik eta biziki ontsa martxan direla, konparazione, kiroldegiko obren egiteko mailegua nahi zen epean ordaindua izan dela eta Bideak kulturgunekoa ere laster bukatuko dela.
Hauteskundeei begira, azkenik, zerrenda prest dutela erran du Monika Legartok; 21 izen badituzte, 19ko zerrendarako; behar orduan, ordezkoak ukaiteko gisan. Pettan Aizager izanen da zerrenda-buru, Xarles Massondok ez baitu hautetsi gisa baizik aurkeztuko bere burua, ez haatik auzapez gisa.