Apirilaren 19an, 25 pagolar elkartu dira herritarren egunaldiaren kari, herriko espazio publikoen zaintzeko. Besteak beste, hilerria, Auzteia ostatua, eta berriki ideki duten PLR ibilbide berria garbitu dituzte.
25 pagolar elkartu dira joan den astean herriko etxeak antolatu zuen herritarren egunaldiaren kari. Euri xorten artean, arratsalde osoan biztanleak espazio publikoetan lanean aritu dira, hala nola hilerria eta herriko guneen zaintzeko eta garbitzeko.
Auzteia ostatuan ere lan egin dute, elkarte ostatuko kanpoko gunearen entretenitzeko. Pastoralaren ondotik sortu zen ostatu hori, herriko etxearen jabetasuna da, baina herriko elkarte guziak antolaketaz eta idekitzeaz arduratzen dira. Asteburuetan eta ekitaldi bereziendako idekitzen den ostatuak hastapeneko xedeak betetzen ditu auzapeza den Pierre Etcheberren arabera, herritarren arteko harremanak azkartuz eta bizi toki bat sortuz.
Horrez gain, PLR ibilbide zahar bat desagertu baldin bazen, gudronatuegi baitzen arau berrien arabera, berri bat berriki sortu izan da Pagolan. Herriko etxearen ustez, hamabost kilometroko ibilaldi horrek herriko dinamika azkartzen ahalko luke.
Azken finean, hautetsiek beste proiektuak baldin badituzte ere, adibidez garaje partekatu bat artisauendako; gaur egungo listak ez du oraino geroa aipatu, 2026. urteko herrietako hauteskundeei begira. Presentatzeko bete behar diren parekotasun eta beste arau berriak ikertu behar baitira, auzapezaren erranetan.