Poliziaren errepresioa eta tropen hiltze orokorrak salatu ditu ELBk Donapaleun

Doubs departamenduan gertatu den 83 behiko troparen hiltzeak bazterrak inarrosten ditu Iparralde huntan ere. ELB sindikatuak gertakaria eta orohar Estatuaren jarrera salatu ditu Donapaleun.

Poliziaren errepresioa eta tropen hiltze orokorrak salatu ditu ELBk Donapaleun
Manifestaldia egin dute laborariek jendarmeriatik departamenduko laborantxa ganbararen egoitzara. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2025/12/04 17:00

Abenduaren 2an Doubs eskualdean gertatu zen tropa oso baten hiltzea salatu nahi izan du ELBk ostegunean abenduaren 4an Donapaleun. Sustenguz, 60 bat laborari bildu dira jendarmeriaren aitzinera, eta ondotik departamenduko laborantxa ganbararen egoitzaren aitzinean.


Doubs departamenduan, 83 behiko tropa oso bat hil beharra

ELB sindikatuaren arrangura eritasuner begira ez bada gaurkoa, argi da astearteko gertakaria izan dela osteguneko mobilizazioaren iturria.

Abenduaren 2an, Doubs departamenduko Pouilley-Français herrian, Estatuko zerbitzu sanitarioek 83 behiko tropa bat behar izan zuten hil osoki, behi bakar bat dermatosi nodular kutsakorrari positibo atera baitzen. Erran behar da ere tropa osoa txertaturik zela.


Baina behien hiltzeko egunean, laborarien mobilizazioa handia izan zen hunkiturik zen etxaldean. Ehunka laborari hurbildu ziren hiltze osoaren trabatzera eta etxaldeko jabeen sustengatzera.

Kopuru handian jina ziren laborari horien barreiatzeko, polizia azkarki mobilizatua izan zen ere bai: kasik 200 jendarmea . Eta bortitza izan zen errepresioa: laborariek salatu dituzte gasak, LBD tiroak edota atxiloketak. Azkenean, zerbitzu sanitarioak ahal izan zuten behi tropa hil.


Onartezina den errepresioa

Bazterrak azkarki nahasi ditu Pouilley-Françaisko gertakariak, bai Frantzian gaindi, baita Iparraldean ere. Lehenik eta behin, sustenguz etorriak ziren laborariek pairatu duten errepresioa salatu dute ELBko militanteek ostegun huntan.

Horrendako, Donapaleuko jendarmeriaren aitzinean zuten hitzordua emana, banderola argi batekilan: Hiltze orokorrak, poliziaren errepresioa: estatuak laborariak bortxatzen ditu. Jadanik zailtasunetan diren laborarien etxaldeetara indarrez sartzea onartezina dela aldarrikatu dute ELBkoek.

Julen Perez bozeramaileak argi utzi dute: "Kasu egin dezaten, ez daitezen menturatu holakorik egiten Euskal Herri huntan eta gure etxaldeetan. Holakorik gertatzen baldin bada, ez dakit zer gertatuko den. Ez da normala".

Banderola Donapaleuko jendarmeriaren hesietan lotu zuten hastapen batez. IRULEGIKO IRRATIA

Protokoloa: kexu guzien iturria

Doubs departamenduan gertatu den errepresioaren iturria zoin den argi dute ELBkoek: protokoloa. Kasu bat agertzen delarik, zerbitzu sanitarioek 50 kilometroko perimetro bat alertan jartzen dute, eri den behiaren inguruan.

Perimetro horretan, hiru neurri mota aplikatzen dituzte. Lehenik, eri den behia eta bere tropa guzia hiltzen dituzte, tokian berean, preseski kabalak mugitu gabe. Bigarrenik, 50 kilometroko perimetro horretan, beste kabalen mugitzea eta garraiatzea debekatzen dute. Eta azkenik, eremuko behi guziak txertatzen dituzte.

Eta hiltze orokor horrek du gehienik kexua pizten, ELBren arabera ez baita batere beharrezkoa. Kasuz kasu lan baten eramatea proposatzen du sindikatuak. Pouilley-Français herriko kasua adibidetzat hartzen du Beñat Etcheto hazleak: "posibilitate bazen etxalde hortan, ez baitzuen sobera auzorik ere, etxalde test bat egitea. Estatuak ez du onartu".
Manifestaldia egin zuten ondotik laborariek jendarmeriatik departamenduko laborantxa ganbararen egoitzaren aitzina arte. IRULEGIKO IRRATIA

Arrangura, beldurra eta kexua nagusi


Argi utzi dute ELBko ordezkariek eta militanteek ez zutela onartuko Euskal Herrian Doubs departamenduan gertatu dena errepika dadin. Kexuarekin batean, arrangura eta beldurra adierazi nahi izan dituzte. Jakin behar da oraindik Dermatosi Nodular Kutsakorra eritasuna ez dela Iparraldera sartu, baina hilabetez hilabete hurbiltzen ari dela.

Sinbolikoki, nahi izan dute odola isuri departamenduko laborantxa ganbararen aitzineko eskailerretan, bai eta bonba gorri batekin behi bat tindatu.

Odola eta tindua baliatu dute ELBkoek egoitzaren aitzinean, beren kexuaren agerrarazteko. IRULEGIKO IRRATIA

Sindikatu desberdinen posizionamendua

Paradaz baliatu da ere ELB sindikatua aipatzeko duela 15 egun Paueko laborantxa ganbaran izan den bozka bat. Confédération Paysanne sindikatuak proposaturik, sindikatu desberdinen ordezkariek hiltze orokorren kontrako mozio bati buruz behar izan zuten bozkatu.

ELBk salatu du FDSEA eta JA sindikatuek mozioaren kontra bozkatu zutela, eta CR sindikatua bozkatu gabe gelditu zela. Julen Perezen erranetan, "gisa batez nahi du erran hiltze orokor horien alde direla edo soportatzen dituztela, Estatuaren eskema nahi dutela segitu".

Interesgarri izanen zaizu