Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

Proposamen biziki aberatsa da berriz ere Donibane Garaziko zineman urte hastapen huntan

Usaiako film hedapenez gain, kasik aste guziez zine topaketak proposatzen ditu Garazikus elkarteak, inguramen, kultur edo sozial gaiak jorratuz.

Proposamen biziki aberatsa da berriz ere Donibane Garaziko zineman urte hastapen huntan
Garazikus elkarteko Ger Etxeverria - IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/02/24 11:45

Urte txarra izan da jazkoa zinemarentzat. Orokorki Frantzia mailan ikuslierren kopurua %20-30ez apaldu baita. Eta Donibane Garaziko Vauban zinema gelan ere apaltzea senditu dute. Usaian urtean hogoi mila ikusliar kondatzen badira, jaz hamabost bat mila baizik ez da izan.

Apaltze horrek ez du eraginik ukan Zinema kudeatzen duen Garazikus elkartearen baitan, elkarteko kideak animazio desberdinen antolatzeko gogotsu agertzen baitira urte hastapen huntan. Usaiako film hedapenez gain, kasik aste guziez zine topaketak egiten dituzte, gai desberdin frangoren inguruan :


Otsailaren 24an, 8tan “Habiter le paysage”, Biarnoko Encore kolektiboarekin antolatzen dutena. Kolektibo hunek eko-eraikuntzak egiten ditu, eta filmaren ondotik kolektiboko 2 arkitekto mintzatuko dira, baita Donibanen etxe pasiboak eraikitzen dituen Euskadi eko enpresako Samuel Paulet.


Martxoaren 8an, emazteen eskubideen nazio arteko eguna. Eta horren kari, Diamanti filma hedatua izanen da. Aitzin Garazikus elkarteak pintxo-pote proposatuko du 7:30tarik goiti.

Martxoaren 12an, korrika kulturalaren kari, beti 8tan : “Ez gera alferrik pasako” film dokumentala. Eta ondotik kantaldia : Lurdes Iriondo eta Maite Idirinen kantuak emanen dituzte  Nahia Robles, Maialen Alfarro eta Maider Bedaxagar-ek.

Martxoaren  19an, 8tan : Lady Nazka filma, Argentinako hego aldeko mendietan agertzen diren marrazki erraldoietaz  eta ondotik komiki baten aurkezpena.

Martxoaren 24an, 8tan Premières Lunes film dokumentala, EVS familles rurales elkartearekin antolatua. Mundu zabalean, nesken lehen hilabetekoak aipagai.


Eta urte hastapen huntako bi berritasun aipatu ditugu ere Garazikus elkarteko Ger Etxeverria-rekin :

-         Hilabetean behin, asteartez gaizki entzuten edo elkorrentzat film hedapen bereziak egiten dituztela;

-         Eta hilabetean behin ere, film misteriotsu gaualdia proposatzen dute. Elkarteko bi kideek film bat selekzionatzen dute, eta ikusliarrek deskubritzen dute hedapen egunean.

Interesgarri izanen zaizu