Osasun mentaleko zailtasunak bizi dituztenentzat zerbitzu ibiltari berri bat plantan ezarriko dute laster Euskal Herri barnealdean. Herriz herri ibiliko den food truck edo ostatu ibiltari baten bidez, topaketak, eta tailerrak antolatuko dituzte.
Zerbitzu hori Elkarlana Lagunak elkarteak kudeatuko du. Elkartea 2021ean sortu zen Baionan, eta 2023an Cafecito izeneko ostatu berezia ireki zuen Euskaldunen karrikan, Aterbea, Ospitalea eta CAM de Prats zentroarekin elkarlanean. Hiru helburu nagusiren inguruan eraiki zuten proiektua: herritarren arteko nahasketa eta topaketak sustatzea, hainbat tailer egiteko espazio bat eskaintzea eta osasun mentalaren prebentziorako leku bat sortzea.
Pirinio Atlantikoetako Departamenduak egin inkesta baten ondorioz, zerbitzua barnealdera hedatzeko beharra agertu zen. Hori hola, joan den urtean proiektu berri bat lantzen hasi ziren, eta Cafecitoren esperientzian oinarriturik, Busito izeneko ostatu ibiltaria abian jarriko dute ekain hondarretik aitzina.
Emmanuel Lucante Elkarlana Lagunak elkarteko hezitzaile bereziak esplikatu duenez, herriko plazak elkargune bilakatzea dute helburu: «Herriko plazetan mahaiak eta aulkiak ezartzen ditugu, jostetak prestatzen ditugu eta kafea egiten dugu. Haurrak, nerabeak, adinekoak, zailtasunak dituzten pertsonak eta gainerako herritarrak elkartzen dira. Jostatu, entzun, kondatu eta elgarrekin partekatzeko parada sortzen da.»