Donapaleu (Ipar EH)

Rhône ibarreko arnoa pantailetan eta aho-sabaian

Les chaillées de l'enfer dokumentala estreinatuko dute Ipar Euskal Herriko zenbait zinema-gelatan. Karia horretara, apirilaren 8an, Donapaleuko St Luis gelan, Bastien Boquet arno-saltzaileak, Rhône ibarreko arno batzuk dastaraziko ditu.

Rhône ibarreko arnoa pantailetan eta aho-sabaian
Bastien Boquet, Donapaleuko les vins de Bastien arno-saltegiko jabea. AMIKUZEKO IRRATIA
Ainize Madariaga
2026/04/03 06:00

Bidarteko Léo Boudet zuzendarik egin Les chaillées de l'enfer dokumentalak hartuko ditu Ipar Euskal Herriko hiru zinema gela: apirilaren 7an, Donibane Garazikoa, 8an Donapaleukoa eta 9an, Donibane Lohizunekoa.

 

Les chaillées de l'enfer dokumentalak Rhône ibarreko (Frantzia) iparraldeko mahastizaintza du aipagai, non mahastizainek lan egiten baitute terrazetan. Preseski, hortik du izenburua dokumentalak: Les Chaillées de l'enfer, chaillées horiek baitira terraza horiek. Obrak erakusten du nolakoa den hango mahastizainen egunerokoa eta haien gorabeherak.

 

Apirilaren 8ko emanaldia berezia izanen da: dokumentalean ageri den eskualdeko arno-motak dastatzeko parada izanen baita Donapaleuko Saint Luis gelan. 19:30etan, Donapaleuko Les vins de Bastien arno-saltegitik jinen baita Bastien Boquet eta bere gidaritza pean aho-sabaiek arno-mota horiek gozatzen ahalko dituzte. Ondotik, 20:30etan, filma hedatuko dute.

 

Cote Rotie jatorri-deiturako arnoak dastatzen ahalko ditugu, Sirah izeneko mahats-mota erregearekin egina. Dastatzen ahalko dira ere ondo-ondoan den Condrieu jatorri-deiturako Viognier arnoak. Preseski, dokumentaleko mahastizainak mahastiak baditu, bai Viognierren, eta bai Cote Rotien.

 

 

Bastien Boquet arno-saltzaileak aitortu du arno horiek ez direla nolanahikoak: “Goi gastronomiako arnoak dira, hein bateko preziokoak,  galdatzen duen lanagatik eta arnotu-eta duen kalitateagatik. Erran behar da mahats-mota bakar batez eginiko arnoak direla, ezaugarri aromatiko biziki ederrekoak dira, malgutasun ederrekoak, zinez.

Beltza Sirha mahats-motarekin egiten da, Condrieukoa aldiz, Viognier mahats-motarekin, zeina baita biziki aromatikoa, zabala eta eguzkitsua”.

 

 

Cote Rotie arnoetan, Asirah mahats-motak arno beltz “xoragarria” ematen digu, arno “egituratuak, biper aire bat dutenak, elegantzia handikoak”.   Eta Cote Rotie-ak bereziki luzaz begiratzeko eginak diren arnoak dira, beraz, orokorrean, Boqueten erranetan, arno “sotilak dira finezian”, eta horrek galdatzen du mahastizainaren jakitate “handia”.

Condrieu jatorri deiturako Viognier arnoak, aldiz, “zehatzak dira, xuxenak, aromatikoak”. Mahats-mota xuriak bizki “nobleak” dira, ez dira sekulan biziki “pezuak”, bai aldiz, biziki “freskoak”.

 

Hori erranik, arno mota hauek “zinez goi mailako kozina” laguntzeko egokiak dira.

Interesgarri izanen zaizu