Sainte Elisabeth zahar etxeak ate idekiak antolatuko ditu azaroaren 21ean, larunbatez, Donapaleun. Egun horretan, Patrice Marchand eta Anne Ratsimba-ren liburua aurkeztuko dute. Hamabi egoileren bizipenak eta oroitzapenak bildu dituzte.
Goizean, ganer hustea eginen dute, eta xahar etxeko egoiliarrek prestaturiko erreximenta goxoak salgai izanen dira. 15:00etan, aldiz, liburuaren aurkezpena eginen dute. Liburua 10 eurotan eskuratzen ahalko da.
Hamabi bizitza, hamabi oroitzapen
Patrice Marchand eta Anne Ratsimba dira liburuaren egileak. St Elisabeth xahar etxeko hamabi egoileren biziko pasarteak eta oroitzapenak bildu dituzte, bakoitzaren ibilbidea eta bizipenak ezagutarazteko. Liburuan agertzen diren lekukotasunen artean, hiru emazteen istorioak dira: Ilharreko Gracieuse Barat, Pagolako Clea Caset eta Ainharbeko Jeanne Arrancet.
Gracieuse Barat Biarnora joan zen bizitzera. Han, ostatuetan zerbitzari lanetan ari zen, senarra oilo hazkuntzan ari zelarik. Erretreta hartu ondotik, Ilharrera itzuli ziren. Clea Caset Pagolakoa da. 27 urte zituela, Togora joan zen serora, eta 25 urtez egon zen han. Ondotik, Euskal Herrira itzuli zen. Jeanne Arrancet Ainharbekoa laborantzan hasi zen lanean. Gero, Lourdesen eta Pauen ere bizi izan zen. Haren lekukotasunak berezitasun bat badu: Ainarbeko herriko ostatua familiakoa zuen, eta liburuan ostatu hartako hainbat istorio eta oroitzapen kondatzen ditu.