Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Santé Service elkarteak Donapaleuko eskola ohia erosi berri du

Etxeko ospitaleratzeak bermatzen dituen ekiparen aktibitatea emendatzen doa. Aktibitatearekin batera, langile kopuruak ere gora egin du, eta lokal handiago baten beharrari erantzun nahi izan dute. Donapaleuko Gambetta eskola ohian plantatuko dira.

Santé Service elkarteak Donapaleuko eskola ohia erosi berri du
Santé Service elkarteak Donapaleuko eskola ohia erosi berri du. SANTE SERVICE
Xarlot Etxeberri
2026/03/12 12:41

Santé Service elkarteak Donapaleuko eskola ohia erosi berri du. Etxeko ospitaleratzeak bermatzen dituen ekiparen aktibitatea emendatzen doa, eta behar horri erantzuteko, lokal handiago baten bila ibili ziren. Pazienteak etxean egoiteko lan egiten dute hainbat artatzailek, arta lanen kalitatea bermatzeko.

Santé Service irabazteko xederik gabeko elkarte bat da, osasun etxe gisa sailkatua dena. Hain zuzen ere, bi aktibitate desberdin badituzte. Alde batetik, mediku aktibitate, usaian ospitalean egiten diren artamendu konplexuak etxean bermatzen dituzte. Bestalde, “adin handiko aktibitatea”, adinekoak edo elbarrituak haien autonomia galtzen hasten direlarik, etxean mantentzeko artak bermatzen dituzte, etxean egon daitezen pazienteak.



Etxeko ospitaleratzea lehentasun berri gisa

Ipar Euskal Herrian hiru antena ditu elkarteak, Baionan, Ziburun, eta Donapaleun. Orotarat 230 langilek 300 paziente etxean egoiten laguntzen dute, eta 150 paziente etxeko ospitaleratzeetan. Zerbitzu hori lehenesten du frantses estatuak azken urte horietan, pazienteak ahal bezainbat etxean egon daitezen eri edo besteen meneko direlarik. Izan ere, ikertua da hobeki senditzen direla haien ingurumean, guttiago deboilatzen dituela, eta arta lanen kalitatea indartzen duela. Horrez gain, ekonomikoki ere usu interesgarriagoa da arten etxean errezibitzea, kosta hirutan zatitzen duelako ospitaleari konparatuz. Hori dela eta, orokorki elkarteak bere aktibitatea bederen %15z emendatzen ikusten du urte guziz.



Donapaleuko aktibitatearen bikoiztearen problematika berriak...
Eta Donapaleu ez da sabuespena. Urteak badira zerbitzua han plantatua dela. Gaur egun zahar etxean kokatzen dira bulegoak, baina lekuz aldatzeko beharra urgentzia bilakatzen zen. Santé Servicen aktibitatea bikoiztu da azken bi urteetan, batez ere etxeko ospitaleratzeer dagokienez. Aktibitatearekin batera, langile kopurua ere emendatu izan behar dute, pazienteak duintasunez artatu ahal izaiteko. Naturalki, lokala hertsiegi bilakatu zen ekipa osorako.

Konpondu berri duten problematika bat, beraz, Donapaleuko Gambetta eskola ohia erosiz. Donapaleuko eraikin mitikoa gaur egungoa baino hiru aldiz handiagoa da, eta obra zonbaiten ondotik Amikuzeko elkarteko 33 langilek osatzen duen diziplina anitzeko ekipa aterpetzeko. 33 artatzaile horietan 28 erizain laguntzaile, arduradun bat, hiru erizain koordinatzaile eta idazkari bat atxemaiten ditugu urte osoan. Horrez gain, medikuak, psikologoak, ergoterapeutak, edota dietalariak ere hurbiltzen dira noiztenka. Azkenean, gaur egun bezala, Adin Ederra laguntza zerbitzuarekin ere partekatuko dute lokala.

Interesgarri izanen zaizu