Amikuzen mota guztiko bortizkerien kontra ari den “Erran eta Bizi” elkarteak egunaldi horren bostgarren edizioa antolatzen du azaroaren 22an, ebiakoitzez. Egun osoko programazioak publiko guziak hunkituko ditu, haurrak egunean zehar, helduak gauean.
Amikuzen mota guztiko bortizkerien kontra ari den “Erran eta Bizi” elkarteak Sartu Jo Gabe ekintzaren bostgarren edizioa antolatzen du azaroaren 22an, ebiakoitzez, Donapaleuko Saint Louis zine gelan. 2021tik, urte guziz, emazte eta haurren kontrako bortizkerien aurkako egunaldi bat plantatzen dute.
Urtean zehar, edozein motatako indarkeriren kontrako prebentzioa eramaiten dute, eta aurten artatzaileekin lan egin dute batez ere. Horrez gain biktimak laguntzen dituzte haien prozedura judizialetan.
Azaroaren 22an haien hitzordu nagusira gomitatzen gituzte, “Sartu Jo Gabe” egunaldira. Egunean zehar animazio frango izanen dira Donapaleuko Saint Louis zine gelan: 8:30etan ibilaldi bat, 10:45etan Feldenkrais tailer bat, eta 14:00etatik 18:00ak arte haurrendako egitaraua, pailazo ikusgarriek osaturik.
Arratsean izanen da hitzordu nagusia, Juliette Nussen “Une tortue sur le dos” ikusgarria, emazteen kontrako bortizkeriak agerian ezartzen dituen antzezlana. Pertsonaia nagusia, emazte bat, bere senarra hil ondotik, ohartzen da bere senarraren tratu txarrez, eta bere hilobira joaiten segituko du bere ideiaren funtsaren erraiteko. 20:30etan hasiko da antzezlana, eta horren ondotik solasaldi bat izanen da.