Errugbi taldearen historia kondatzen du liburuak, gertakari markagarriena izan zelarik Garazi eta Baigorriko taldeen elkartzea 2003an.
Garaziko eta Baigorriko ekipek bat egin zuten US Nafarroa osatzeko, 2003an. Biak beren eskualdean indarra galtzen zuten, ahultzen ari ziren. Denek dakigun bezala, ez zen baitezpada elkartze errexa izan. Baina orain taldean den dinamikak frogatzen du baitezpadakoa zela.
Gaur egun, helduen taldean bakarrik 100 bat jokalari dira, eta haurren kopuruak ere beti emendatzen ari dira. Entrenatzaile, laguntzaile, segitzaile: zinezko talde handi bat bilakatua da US Nafarroa. Gertakari hauek denak kondatzen dira liburuan.
Gertakari markagarrienak, arxibetako irudiak, lekukotasunak aurkitzen dira. Idazle eramaileetan dira Jean-Pierre Massias eta Peio Olçomendi, lehengo jokalari eta gaurko laguntzaileak. Liburuko aitzin solasean aurkitzen dira errugbian bide egin duten jokalariak, baina US Nafarroan hasi zirenak, Imanol Harinordoki, Henry Broncan edo Jean-Pierre Elissalde.
Bi liburu mota agertuko dira, bat klasikoa 24 eurotan eta bestea kalitate handiagokoa 35 eurotan. Manatzeko usnafarroa.rugby@gmail.com helbide elektronikorat idatzi behar da.
Bestalde liburu hunentzat elgarrizketatu dugun Patto Etxeverria klubeko arduradunari galdegin dakogu ere joan den asteburuan sare sozialetan jakinarazi zuten bi entrenatzaileen kanporatzearen inguruan. Patto Etxeverriaren azalpenaren arabera, erabakia helduen taldeetan azken asteetan piztu diren desadostasunen ondorioa da, bereziki entrenatzaileen eta jokalarien arteko harremanetan ziren arazoetan. Klubean egoera aztertu ondoren, zuzendaritzak neurri hau hartzea erabaki du jokalari taldearen kohesioa eta dinamika lehenetsiz.