Donazaharreko 23 urteko gazteak skate kurtsoak antolatzen ditu asteazken guziz Donibane Garazin eta, aurten, Donapaleun ere bai. Hasiberrientzat behar den materiala prestatzen ahal du, eta oporretan ikastaldi bereziak eskaintzeko xedea du.
Iban Riano donazahartarrak skatean ibiltzen ikasteko kurtsoak proposatzen ditu orai Donibane Garazin eta Donapaleun. Donibane Garaziko skate parkean iaz talde ttipi batekin hasi zen, eta sartze huntan eskaintza zabaldu nahi izan du, Donapaleuko skate parkea ere baliatuz.
Duela hamar bat urte hasi zen Iban Riano skatean, bere baitarik. Interneteko bideoak ikusiz eta Donibane Garaziko merkatu estaliaren inguruan entseatuz egin zituen lehen urratsak. Urteekin, gero eta gehiago trebatu da, eta gaur egun skatea bere biziaren parte bilakatu zaio. «Skate parkea ene bigarren etxea da», salatu du.
Asteazken guziz, Donibane Garazin eta Donapaleun
Kurtsoak asteazkenetan dira, oren batez. Donibane Garazin, goizeko 10:00etarik 11:00etara egiten dira; Donapaleun, berriz, 14:00etarik 15:00etara. Galdera balin bada, larunbatetan ere kurtsoak antolatzen ahal ditu Iban Rianok. Oporraldietan ikastaldi bereziak egiteko xedea ere badu. Lehen kurtsoentzat behar den materiala prestatzen ahal du. Prezioa 10 eurokoa da. Informazio gehiagorentzat edo izena emaiteko, 06 24 45 72 65 zenbakira deitu behar da.
Hastapen ikastaldia GAGA gaztetxearekin
Bestalde, Garaziko GAGA gaztetxearekin partaidetzan, skatean hasteko ikastaldi bat antolatu du irailaren 20rako. Bi talde izanen dira: haurrentzat kurtsoa 16:00etan, eta helduentzat 17:00etan. Ikastaldiaren ondotik, aperitifa izanen da. Parte hartu nahi dutenek izena ostirala aitzin eman behar dute, 06 24 16 95 89 zenbakira deituz.