Donapaleun egin den enpleguaren foroan parte hartu dute SOCAELEC eta SOCATP enpresek. GE64 elkarteko kide diren bi enpresek parada baliatu dute lan bila dabiltzan pertsonekin zuzenean trukatzeko eta sektoreak dituen beharrak azaltzeko.
SOCATP 1990eko hamarkadaren hasieran sortu zen, eta urte batzuk berantago SOCAELEC. Bi enpresak kanpoko azpiegitura lanetan espezializatuak dira: SOCAELECek elektrizitate sareekin lotutako lanak egiten ditu, eta SOCATPk ur garbiaren eta ur zikinen sareen instalazio eta mantentze lanak.
Haien jardueraren parte handiena merkatu publikoetan oinarritzen da, nahiz eta bezero pribatuentzat ere lan egin. Enpresako ordezkarien arabera, momentu huntan sektorea ez da egoerarik erosoenean. Hauteskundeen ondoren inbertsio publikoak moteldu direla eta, gainera, Frantzia mailako enpresa handiek gero eta presentzia handiagoa dutela azaldu dute.
Profil kalifikatuen bila
Enpleguaren Azokan izatearen arrazoia argia da: lana bilatzen dutenekin harreman zuzena ukaitea. Standera hurbildu direnen artean, anitzek enpresen izenak ezagutzen zituzten jada. Gehien egin diren galderak lanpostuen egunerokoari eta soldatari buruzkoak izan dira.
Langile talde egonkorra izan arren, kontratazio beharra etengabea dela diote. Bereziki zaila egiten zaie profil kalifikatuak aurkitzea. Barne formakuntzaren aldeko apustua egiten dute, langile berriak trebatzeko.
Kanpoko lanetan gizonak dira gehiengoan oraindik ere, baina bulegoetako postuetan emazteen eta gizonen arteko oreka handiagoa dela nabarmendu dute. Langile berriak erakartzea eta belaunaldi arteko erreleboa bermatzea dira, gaur egun, sektorearen erronka nagusietako batzuk.